Koloretsua. Alaia eta koloretsua izan zen oso larunbata goizean Villa Mirentxun Pirritx Porrotx eta Mari Motots pailazoek eskainitako prentsaurrekoa.
Aurkezpenarekin hasi aurretik, Euskal Herri osotik etorritako lagunekin talde argazki erraldoia atera zuten herriko pailazoek Villa Mirentxu atarian, eta ondoren egin zuten aurkezpena..
Bertan, aurkeztu berri duten Zazpikoloroa DVDan ageri diren erreportajeetako pasarte labur batzuk eskaini zituzten, bertaratuen gozamenerako.
Gainera, ez zen kantu eta giro itzelik falta izan prentsaurrekoan. Josu Txapartegi “Txapas”-en laguntzaz, hainbat abesti kantatu zituzten Aiatik gurera etorritako haurrek. Tartean, “Behin betiko” klasikoa edota “Maite Zaitut” pailazoen kantu ezaguna.
Villa Mirentxuko aurkezpena amaitzean, Sagardotegi plazara joan ziren Bonberenea Txarangak egindako kalejira bizi batean, eta Jalgi kanpoan hamaiketako ederra egin zuten prentsaurrekoan egon ziren lagun guztiek.
Yanelle eta Motxila 21
Gogoan izan zituzten era berean prentsaurrekora etortzerik izan ez zuten laguntxoak, Yanelle Sidokpohu eta Motxila 21 hain zuzen.
Lehenak ahoko infekzio bat dela kausa, ezin izan zuen prentsaurrekora bertaratu, baina animo eta muxu pila bidali zizkioten herriko pailazoek Donostiako ospitalera.
Motxila 21 down sindromea duten neska-mutilez osatutako taldeak ere ezin izan zuen prentsaurrekoan parte-hartu, diskoaren grabazioarekin buru-belarri dabiltzalako. Hauek ere gogoan izan nahi zituzten eta euren bideotxo bat jarri zuten aurkezpenean.
Zazpikoloroaren edukia
Herriko pailazoen DVD berria hiru zatitan banatuta dago. Batetik, “Zazpikoloroa ikuskizuna”, 2012ko martxoaren 6an Andoaingo Bastero Kulturgunean zuzenenan grabatutako saioa osorik ikusteko aukera izango da.
Bestetik, azkenaldian egin dituzten zazpi erreportaje eta bideoklip izango dira ikusgai DVDan: “Irri konpontzailea Etiopian” (2011ko udaberrian Etiopiara egindako bidaiaren hausnarketa), “Motxila 21” (Oztopoak gainditzeko nahiak elkartu dituen rockeroak), “Londresen” (2012ko udaberrian Londresera egindako bidaiaren kronika), “Manolo” (Imanol Urbieta kantugilearen emari oparo eta eskuzabalaren eskertza), “Gizakien Lurra” (Haurrak sano eta alaia haztea helburu duen elkartea), “Bonberenea Txaranga” (Kaleak musikaz eta kolorez betetzen dituen txaranga) eta “Olibatxo” (Sukaldeko olio zikina birziklatuz, natura bi aldiz zaintzen duen oliba erraldoia).
Zuzenekoa eta erreportaje guzti horiez gain, azkenik, Pirritx Porrotx eta Mari Mototsen abestien partiturak izango dira eskuragai DVDan bertan, PDF bidez inprimatu ahal izango direnak.
Beraz, “Zazpikoloroa” erosten duenak eduki guzti hauez hornitutako DVD bikoitza eskuratuko du.
