Udazken festa arrakastatsua Zabaletan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 6a

Antonio Eleizegi erlezainak solasaldi aparta eskaini zien hurbildu ziren auzokide ugariei. Erlezantzan duela 30 urte hasi zen Zaltzate baserriko Antonio eta argi ikusi zen gaiari buruz zenbat dakien eta nola bizi duen bere zaletasuna. Erleen eta erlezantzaren inguruko gai ugari azaldu zituen, oso modu argian eta zehatzean, besteak beste: erle motak eta bakoitzaren zereginak, erleen ugalketa, antolaketa, erlearen bizi-zikloa, erlauntzaren egitura eta bere urteko zikloa, erlauntzetatik lortutako produktuak eta nola lortzen den bakoitza...

Ia ordu t'erdiko saioa laburra suertatu zen eta gehiago ere luzatzeko prest zegoen jendea sardinak zain egon ez balira...

Udazkenera, sardinak janaz
Jarraian festa giro bikainean sardina jana ederra dastatzeko aukera izan zuen hurbildu ziren herritar guztiek. Bertakoak eta baita Hernanitik festa honetara etortzen den ohiko lagun taldeak giro aparta jarri zuten.

Beste ekintzak
Honetaz gain, Zabaleta auzolanek hilabete honetarako prestatu duen egitarauaren barruan, urriaren 11ean, osteguna “Ogiyik karri etzun semia” antzezlana eskainiko du Txirene antzerki taldeak.
Era berean, urriaren 12an, Oinatz taldeak Igartubeiti baserrira eta Zumalakarregi museora egingo duen irteerara bat egiteko gonbita egiten die auzotarrei.Hauek auzoko dendan izen-eman behar dute.