Zukgua prozesuaren aurkezpena

jon-altuna-egitegi 2012ko urriaren 6a

Euskal Herriko gazteek herriz herri abiatu duten prozesua da Zukgua (www.gaztezukgua.info). Prozesu honen bitartez gazte antolakunde bat sortzeko asmoa dute, independentziaren aldeko eta ikuspegi ezkertiarreko gaztez osatuko dena. Herrian, Sagardotegi plazan hainbat gaztek Zukgua prozesua aurkezteko ekitaldi berezia egin zuten.

Megafonoa eskutan hartuta, independentzia eta sozialismoaren aldeko hainbat lelo zabaldu zituzten. Postu moduko bat ere jarri zuten gerturatzen ziren gazteei mazedonia banatzeko eta horrekin batera informazio-testu bat banatu zuten gazteen artean. Eztabaida prozesua otsailera arte luzatuko da, hiru bloketan banatuta. Beraz, lehenik, Lasarte-Oria “zukgutzeko” asmoz, antolatzaileek urriaren 12an arratsaldeko 18:00etan Villa Mirentxun egingo den “Kapitalismoa eta Nazioarteko egoera orokorra” eztabaidan parte-hartzeko deia luzatu dute (ondoren afaria egingo da Xirimirin). Gainontzeko bi blokeetako eztabaida-gaiak “Euskal Herriko ziklo politiko berria” eta “Gazte estrategia” izango dira.