Zero Sette XV. urteurreneko ospakizunetan dabil buru-belarri. Horren erakusgarri izan zen larunbateko akordeoi jaialdia. Urtarrilaren 14an lehenengo saioa egin ostean, asteburu honetakoa izan zen bigarrena, eta abenduaren 15erako beste emanaldi bat dute hitzartuta Zero Setteko kideek Sanna Trio taldearekin.
Kalitate printzakGustura atera zen jendea kultur-etxeko aretotik. Lau taldeak txukun aritu ziren, bakoitza bere erara.
Lehen taldea Tolosako Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra izan zen. Kontzertu indartsua eskaini zuten, sorpresa txiki batez lagunduta.
Jo zituzten hiru piezen artean, azkenak piztu zuen jendearen arreta. Akordeoi doinuez haratago, Toumas Holopainen finlandiarraren “Ghost Love Score” kantua interpretatu zuten, metal kutsu nabarmenarekin, ahotsa, kitarra elektriko eta bateriaz lagunduta. Benetan apurtzailea izan zen, eta publiko gazteenak gozatu ederra hartu zuen, txistu eta txalo zaparrada ozenez musikarien lana eskertu nahi izan zuen publikoak.
Illumbek, estilo aldaketa Illumbe Akordeoi orkestrak oso bestelako emanaldia eskaini zuen. Goxo, luze eta zuzen aritu ziren, tolosarren indar erakustaldirik eman gabe.
Herritarrak, txukunAndrea Beobide, Andrea Gonzalez eta Naroa Goikoetxea Udal-musika Eskolako ikasleek ere bi pieza eder eskaini zituzten. Tartean, Kepa Junkeraren “Berhueta” konplikatua. Miren Etxenagusia irakaslearen laguntzaz, bikain moldatu ziren hiru ikasle gazteak eta publikoak txaloz agurtu zituen.
Bestalde, José Manuel Crespo zuzendari berriaren gidaritzapean, ondo moldatu Zero Setteko musikari lasarteoriatarrak.
Orotara, lau pieza jo zituzten, horien artean, “Euskal Herriko Kantak”. Berezia izan zen duela 25 urteko lehen kontzertu hartan jo zuten kantuetako bat berriro interpretatzea eta emozio aurpegiak nabari ziren musikari eta ikusle batzuen artean. Gainontzean, beti bezala, eroso eta herritarren babesean txukun aritu zien.
Denek batera, Deep PurpleEmanaldiari amaiera emateko, Deep Purple talde mitikoaren “Smoke On The Water” kantua jo zuten, hurbildu ziren ikusleen gozamenerako, akordeoia eta rocka uztartuz.