Semblante Andaluz elkarteak asteburu honetan Aste Kulturala ospatu du.
Ostiralean, gozogintza ikastaroarekin eman zieten hasiera ekitaldiei.
Hala ere, hasiera ofiziala, 20:00ak aldera izan zen. Elkartean bildutako herritar, bazkide eta udal zein diputazioko ordezkariei agurra dantzatu zieten Erketz EDT-ko lagunek eta Abdon Fernandez lehendakariak hitz batzuk eginnahi izan zituen.
“Aste kulturalak helburu bikoitza dauka, auzoari bizia ematea eta hemengo zein Andaluziako kulturak uztartzea“. Jarraian, luntxa izan zen bertaratu ziren auzotarentzat.
Haurrak eta txapelketak
Haurrak izan ziren larunbatean protagonistak.
Goizean, tren maketen erakusketa izan zen eta hauek martxan ikusteko aukera ere izan zuten auzoko txikiek.
Arratsaldean, berriz, txikienek marrazki lehiaketa izan zuten eta era berean, Jalguneko buruhandiekin lasterketa ederrak egin zituzten, txokolatada gozoa dastatu aurretik.
Bien bitartean, helduen toka eta mus eta tute txapelketak jokatu ziren, harrera oso onarekin.
Ikuskizun ugari
Honetaz gain, O'Club taldeak rock kontzertua eskaini zuen eta "Moito" umorezko ikuskizuna izan zen afaldu ostean.
Atzo, berriz, elkarteko bazkideak eta elkarteko lagunekin bazkari herrikoi handia egin zen.
Jarrain, elkarteko abesbatza eta dantza talde desberdinen emanaldiak izan ziren Golf plazan.
Aste kulturalari amaiera emateko, gitarra elektriko bat zozketatu zuten.
