Lasarte-Oriako egungo Udal gobernuko ordezkarien ustez, urriak 12a, Hispanitatearen eguna, ezarritako jai egun arrotza da eta beraz, Udaleko zenbait zerbitzu beste egunetan bezala eskainiko dira. Horrela, datorren ostiralean, normal irekiak izango dira, besteak beste, Errejistroa, Idazkaritza, Euskara Zerbitzua, Pertsonala, Brigada, Udal Euskaltegia eta Hirigintza saila. Kiroldegia goiz partean egongo da irekita, goizeko 9etatik 13etara bitartean.
Itxita egongo dira egun osoan Kultur Etxeko eta Villa Mirentxuko eraikinak eta baita kontuhartzailetza eta diruzaintza bulegoak ere.
Iaz, abenduan, Konstituzioaren eguna Ama Birjinaren egunarekin lotu eta aste betez itxita egon zen Udala, eta Gobernu berriko ordezkariek barkamena eskatu zuten hainbat zerbitzu ez zirelako eskaini ere egin. Orduan Pablo Barrio alkatearen Gobernu taldeak aurreko agintarien erabakia errespetatu beharra zutela eta barkamena eskatu zuten “sortutako eragozpenengatik” eta alkatetzaren asmoa “aurrera begira horrelakorik berriro ez gertatzea” dela adierazi zuten.
Orain Udal Gobernuak, urriaren 12an zenbait zerbitzu eskaintzea erabaki du.