Gaixo dauden presoei buruzko eskaera atzera bota du Udalak

jon-altuna-iza 2012ko urriaren 9a

Lasarte-Oriako udal batzarrak atzera bota du gaixo dauden presoei buruzko proposamena PSE eta PPren aurkako botoekin. Bestalde, PSOE, EAJ eta PPk Kutxako Kontseilari Jacinto Hernandez Martin ordezkaria izendatzea erabaki dute eta Goikale 20-22, Nagusia 51-53 ingurua hobetzeko Hirigintza sailak bertako bizilagunekin batera azterketa bat egitea onartu da.

Urriko ohiko batzarra egin da arratsaldean Udaletxean.
Urriko Udal batzarrean hartutako erabaki garrantzitsuenak Kutxarako ordezkariaren izendapena eta Goikalen egoera txarrean dagoen ingurua konpontzen hasteko neurriak izan dira. Kutxako ordezkaria PSEk proposatutako Jacinto Hernandez Martin izango da eta ordezkoa, Jose Maria Urdanpilleta, hala erabaki dutelako PSE, PP eta EAJk. Bilduko ordezkariek kontrako botoa eman dute eta beste ordezkariak, Marisa Zubiri eta Herritar Plataformakoak abstenitu egin dira. Bilduko Gorka Lizarragak PSEko ordezkariei galdetu die ia banku publiko edo pribatu baten alde dauden, eta bestalde, EAJren presa salatu ere bai, Gasteizko parlamentuko ordezkarien kopurua laster aldatu egingo dela jakinik. Estitxu Alkortak defenditu du beti egon direla KutxaBank erakundea martxan jartzearen alde eta beste alderdiekin hori lehenbailehen jartzeko erabakia adostu dutela.
Goikalen hirigintza aldetik gabeziak dituen inguruari buruz PSEk aurkeztu duen proposamena onartu egin da, behin alderdi honek hirugarren puntua erretiratu eta gero. Hor, 2013ko aurrekontuan horretarako kantitate bat finkatzeko eskatzen zen eta beste alderdiak proposamenarekin bat egin arren ez zuten ikusten ondo jada aurrekontu bat ezartzea. Bildu, Plataforma eta EAJko ordezkariek berdina esan dute gutxi gorabehera, lehen bi puntuekin ados daudela, hau da, Bulego Teknikoak ingurua hobetzeko azterketa egin dezala eta proiektu horretan bertako bizilagunen iritzia kontutan izan dadila. Konkretuki Pablo Barrio alkateak esan du interesgarria litzatekeela herriko beste toki batzuetan ere azterketak egin eta arazoak konpontzeko planteamendu orokor bat egitea, eta beraz ez du ondo ikusi Goikaleko arazo konkretuari erantzuteko, azterketa egin aurretik, aurrekontua finkatzea. Beraz, behin Jesus Zaballosek puntu hori kendu eta gero onartu egin da proposamena. Soilik Bildu abstenitu da eta beste zinegotzi guztiek aldeko bozka eman dute.
Gaixo dauden presoei buruzko bi proposamen izan dira, Bilduk konkretuki 13 presoen egoera salatzeko eta euren baldintzapeko askatasuna eskatu du eta EAJk, aldiz, kasu konkretuak aipatu gabe “nazioarteko eta Espainiako legedia aplikatuz gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen baldintzapeko askatasuna”. Biek eskatzen zuten erabakiaren berri emateko Madrilgo Barne ministeritzari eta Kartzela Zaintzako epaileari. Dena den, PSOE eta PPk kontrako botoa eman dute eta ez dira onartu. EAJ eta Bilduk bakoitzak bere proposamenaren alde egin dute eta beste zinegotziak abstenitu egin dira.