11_Bilduren iritziz PSE, EAJ eta PPren Kutxabank eredua banku publikotik urruntzen da

jon-altuna-iza 2012ko urriaren 11

Bilduk prentsaurrekoan Kutxabank-entzat “PP-PNV-PSE koalizioak eskaintzen duen eredua” salatu du, banka publikotik “asko urruntzen dela” eta bere pribatizazioa bilatzen duela adieraziz. Hain juxtu hiru alderdi hauek bat egin dute aste honetan herriak Kutxan izango duen ordezkaria aukeratzerakoan.

Aste honetan, urriaren 9ko udal batzarrean hemendik aurrera Lasarte-Oriako udalak kutxan izango duen ordezkari EAJ, PP eta PSEko zinegotzien botoekin alderdi honek proposatutako Jacinto Hernandez izendatu eta gero, Lasarte-Oriako Bilduk prentsaurrekoan adierazi du garbi daukala “materia ekonomiko eta finantzieroan PNV eta PPk eskuineko politika hauek burutzerakoan bide orria oso ondo zehaztua dutela. Jakin badakite gure herriko ordezkaritzak ez dituztela beste esfera batzuetan hartutako erabakiak baldintzatuko. Beraz, azken erabaki honi buruz egiten dugu irakurketa soberakinen banaketa bat izatearena da. Beste behin ere hirukoa batu egiten da estrategia amankomun batean”
Kutxaren bulegoaren aurrean elkartu dira Bilduko ordezkariak arratsaldeko 19:00etan.
Horregatik Bilduk egungo egoeran bi estrategia edo bide posible daudela uste du, bat “PP-PNV-PSE koalizioak eskaintzen duena. Banka publikotik asko urruntzen dena eta bere pribatizazioa bilatzen duena profesionalizazioaren aitzakiapean, gutxi batzuen eskuetan utziz” eta bestea EHbildu koalizioan biltzen diren Ezker abertzalea, Aralar, Eusko alkartasuna eta alternatibak babestua. “Euskal gizartearen beharrei erantzungo dion kutxa eredu publiko, soziala, partehartzaile eta demokratikoa. Herritarren beharrak aseko dituena, bere rol komertziala alde batera utzi eta inbertsio produktiboak erraztuko dituena beti ere ingurugiro eta gizarte kriterioak oinarritzat hartuz. Non Udalek beraien ordezkaritza izango duten murrizketarik gabe eta aniztasun hori bermatuko den”.

Bilduko ordezkariek prentsaurrekoan gogoratu dutenez “2011ko abenduaren 29an Kutxabankeko kontseilu administratzaileak, kontseiluko kideak 20 izatetik 15 izatera murriztea erabaki zuten, norbere batzarrei kontsultatu gabe. Modu honetan Kutxako ordezkari kopurua gutxitu zuten 6 ordezkari izatetik 4 izatera (ehunekotan %30etik %26,6 izatera) eta Vital kutxakoa igo jelkideen mesedetan”.
Gainera, prentsaurrekoan nabarmendu dute aipagarria dela “Gipuzkoan Kutxak bere ordezkaritza gutxitzearen aldeko apustua egitea eta gainera alde handiz kontseiluko 17tik 13 ordezkari PNVk proposatutakoak baitziren. Garai honetan PSEk neurri hau kritikatu zuen Batzokibank moduan definituz”.
Era berean Bilduk salatu duenez, “ondoren urte honetako ekainean eusko jaurlaritzak Kutxen lege berria aurrera atera zuen PNV eta PPren bitartez eta PSEren laguntzaz. Lege honek, alde batetik udalen ordezkaritza murriztu egiten du, bestetik ordezkaritza horren aniztasuna ere murrizten du eta gainera udalerri txikienen ordezkaritza erabat ezabatzen du”.