“Zazpi ebidentzia birjaiotzarako” liburua aurkeztu du Xabier Amurizak herrian

maider-azurmendi 2012ko urr. 11a, 14:58
Lasarte-Orian aurkeztu du Xabier Amuriza idazle eta bertsolari bizkaitarrak Lankurekin argitaratu duen bigarren lana “Zazpi ebidentzia birjaiotzarako”. Herrian aurkeztu nahi izan du Pablo Barrio alkateari dion "kariñoagatik" eta aspaldian berarekin hartutako zorra zelako.
Pablo Barrio alkatearekin lotura berezia du Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak eta hau dela eta "kariñoagatik" etorri da gaur bere “Zazpi ebidentzia birjaiotzarako” lanaren aurkezpena Villa Mirentxun egitera.

"Nire testu batzuk antzerki lan bihurtzeko proposamen bat egin zidan Pablok beste lagun batzuekin batera eta ideia oso ona iruditu zitzaidan. Ordutik, elkarlan hartatik ezagutzen dugu elkar" Amurizak azpimarratu du elkarlan hau etenda gelditu zela Barrio alkate izendatzearekin batera "pena ematen dit gure proiektu hura gelditu behar izatea alkate lanak direla eta hala ere, asko pozten nau Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkate izatea".

Horrela herrian aurkezpena egitearen arrazoia azalduz hasi du ekitaldia Xabier Amurizak. Lehenik Pablo Barrio alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio halako ekimen garrantzitsua herrian egiteagatik eta bere ebidentziak ere plazaratu ditu.

"Euskara batuaren bigarren jaiotza" lanari jarraipena eman nahi izan dio honetan Amurizak "bidezko eta beharrezko iruditu zait bertsio zentratuago bat ematea, euskararen norabidearen gako erabakiorrak hausnartzea, arazo nagusiak zazpi ebidentziatan jasota".

Liburuan saiakera eta literatura uztartzen ditu eta zazpi ebidentzia hauetara iristeko bidean adibide errazak, egunerokoak izan ditu aztergai idazleak. Euskara batuak dagoeneko 50 urte gaindituta hizkuntzaren hainbat arazo konpondu gabe daudela azpimarratzen du lan honetan, irizpide falta nabarmena salatzen du honen arrazoi. Hauek dira zazpi ebidentziak:
1: Esaldien luze-laburra: Euskarak tresna bezala gaitasun osoa eta normala behar du, esanahi mota guztiak, labur zein luze, erraz zein konplexu, nahiaren arabera josteko bere inguruko hizkuntza garatuen antzera.
2: Perpausaren ordena: Euskarak esaldiko elementuak ordenatzeko ere ezberdin asko ditu eta denak dira baliagarri eta balios, argitasun, zehaztasun eta espresioaren baitan.
3: Ebidentzia erlatiboa: Euskarak ere erlatibo osoa eta zehatza behar du. Sintaxi osoa: euskal sintaxiak bere baliabide propioez gainera inguruko hizkuntza garatuak bezain osoa eta zehatza izatera jo behar du.
4: Aditza erraztea eta sinpletzea, aditza laburtzea komeni da eta aditz trinkoak berreskuratu honetarako.
5: Ondare komuna-lexikoa: euskara bere berezitasun guztiekin ondare komun bateko partaide da eta hori lexikoari dagokio.
6: Esapideak eta esaerak: Esapide informatiboak, espresiboak eta esaerak hizkuntzaren arlo oso zabal eta funtsezkoa dira. Euskarak euren ordain osoa eta konbintzentea behar du.
7: Argota: Hizkuntza baten bizi-ardatz gorena argota da. Euskara ez da libratzen premia saihestezin horretatik.

Amurizak azaldu moduan "badakit batzuk nik proposatutakoaren kontrakoak izango direla baina hizkuntza erraztu behar da, aditzak laburtuz besteak beste eta bide horretan lan egin". horretarako besteak beste aditz trinkoak berreskuratuz, "ebidentzia hitza bera ez da onartzen ondo ulertuko litzateke liburuaren titulua nabaritasun hitza erabili izan banu?" Euskara batua ordenatzen da idazlearen aldarri nagusia.