Ostadar Saiarre Kirol Taldeak asteazkenean aurkeztu zuen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XVII. edizioa.
Lasterketa urriaren 28an izango da, goizeko 10:30ean hasita eta 10.500 metroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Antolatzaileek esan moduan, aurtengo edizioan ez da aparteko aldaketarik egongo, “joan den edizioan Okendo plaza berreskuratu genuen, eta bertan geratzeko asmoa dugu luzaroan”.
Horretaz gain, iazko edizioan dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak bezperan banatu zituzten lehen aldiz, eta larunbatean pasatako korrikalari kopuruari erreparatuta aurten gauza bera egitea erabaki dutela azaldu zuten, baita, ordutegia larunbat goizera ere zabalduko dutela.
1dortsala
Azkeneko hiru edizioetan bezala, aurkezpen ekitaldia 1 zenbakidun dortsala banatzeko baliatu zuten Ostadar S.K.T.ko arduradunek.
Aurtengoa berezia da, ez baita bat zenbaki bakarra izango, edizio guztietan lasterketa ixten duen kotxe-eskoba taldeak baitu aurten 1 dortsala eramateko ohorea.
Izen-ematea
Aurkezpen ekitaldian aurreratu zutenez, izen-ematea gaur, urriaren 15ean, zabalduko da eta urriaren 24an itxiko da.
Era berean, izena emateko aukera ugari daudela azpimarratu zuten. Ostadar S.K.T.k Geltoki kaleko 25. zenbakian duen egoitzan astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) edo hilaren 20an (11:000etatik 13:00etara) egin daiteke; www.ostadarskt.org edo www.kirolprobak.com web orrialdeetan; lasterketa egunean Michelingo frontoian (9:00etatik 10:00etara) eta Donostia, Zumarraga eta Tolosako kirol denda batzuetan.
Kros txikia
Era berean, Korrika Festaren hamabigarren edizioa ere izango dela aurreratu zuten.
Antolatzaileek aipatu zutenez, bost eta hamalau urte arteko 800 korrikalari inguru espero dituzte.
Izen-ematea Ostadar S.K.T.ren egoitzan egin behar dute.