13_Abian da Zukgua gazte prozesu eratzailea

jon-altuna-egitegi 2012ko urriaren 13a

Herriko gazteak martxan jarri dira. Abiatu dute Zukgua deritzon gazte prozesu eratzailea. Helburua ezkertiarra eta independentista izango den gazte antolakunde berriaren oinarriak finkatzea da eta martxora bitartean luzatuko dira eztabaidak. Ostiralean izan zuten lehen hitzordua, Villa-Mirentxun, eta "Kapitalismoa eta egungo egoera orokorra" gaia landu zuten 35 bat gaztek.

Gazte ugari bildu zen Zukguaren lehen topaketan.

Arratsaldea tentsioak askatuz hasteko, talde txikitan ezagutza jolas txiki batzuk eginez hasi ostean, prozesuaren aurkezpen txiki bat egin zuten antolatzaileek: "Zukgua prozesuaren helburua, herriz herri emango diren dinamika hauekin gazte antolakunde ezkertiar eta independentista berri bat sortzea da". Era berean azpimarratu nahi izan zuten egungo gizartean bizi duten gazte-problematikari gazte bezala erantzun ahal izateko, "norbanakotik kolektibora" egin beharreko bidea dutela aurretik.

Aipatutako helburu horrekin egingo dira eztabaidak, hiru bloketan banatuta, martxora bitartean. Guztira sei saio izango dira, bloke bakoitzeko bina. "Kapitalismoa eta egungo egoera orokorra" gaiaz gain, "Euskal Herriko ziklo politiko berria" eta aurrerantzean jarraitu beharreko "gazte-estrategia" izango dira landu beharreko beste gaiak.

Saio hauetan Euskal Herriko herri guztietako gazteen ideia desberdinak ponentzien bidez bilduko dira, "egungo egoera sozial, politiko eta ekonomiko berriari aurre egiteko". Asmoa, prozesu eratzaile honen bitartez, gizartea eraldatzeko "tresna eraginkor" bat sortzea da, gazte erakunde berrian gorpuztuko dena.

Herri eskolak Xirimirin.
Ostiraleko saioa
Vila Mirentxun egindako "Kapitalismoa eta egungo egoera orokorra" saioa mamitsua izan zen. 35 gaztek parte-hartu zuten eztabaidan eta besteak beste hainbat ariketa egin zituzten: Egun normal batean kontsumitzen dugun guztia ikusteko ariketak, dirurik gabe egin ezingo liratekeen gauza mordoaz jabetzeko eginikoak, boligrafo baten benetako kostua zenbatekoa den ebaztekoak... Horien harira, ondorio batzuetara iristeko parada izan zuten eta garbi ondorioztatu zuten gure bizitza "kontsumoari hertsiki lotuta" dagoela.

Gainera, egoera horien aurrean gazteek dituzten "barne inkoherentziez" hausnarketa egin zuten.
Amaitzeko, Zukgua prozesuak berak muntatutako Munduaren egoera bideoa ikusi zuten eta ondoren, sahieski-jana egin zuten Xirimiri elkartean.

Herri-eskolak
Lasarte-Orian ere, ikasle batzuek urriaren 12ko ospakizunak "arrotzak" direla salatzeko, herri eskolak antolatu zituzten Xirimiri ekartean. Bertan 45 bat lagun bildu ziren, DBH eta Batxilergokoak gehienbat eta era askotako jolasak egiteaz gain, Bilgune Feministak antolatutako hitzaldi bat ere izan zuten entzungai.