15_LOKEko judo saila lehiaketa garaian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 15a

LOKEko judokek txapelketa garaia hasi dute. Lehengo asteburuan, Pauen izan ziren lehiatzen. Honetan, Palermon eta Vigon egon dira. Gorka Aristegi entrenatzailearekin bildu gara aurtengo denboraldiari buruz gehiago jakiteko.

Nazioarteko, zein estatu mailako txapelketak izan dituzte aste hauetan LOKEko judokek eta horregatik serio ari dira lanean.
Gorka Aristegi entrenatzaileak aipatu digunez, batzuek abuztuan hasi zituzten entrenamenduak eta txikienek irailean.
“Txikiak betiko erritmoan ari dira entrenatzen eta kopuru politarekin; handien taldean bi multzo daude helduak eta atzetik datozen generazio berriak daude” azaldu digu.
Eta nahasketa polita dela gaineratu du, “helduen taldetxoaren laguntzari esker, besteek ikasten dute eta hori niretzako gozada bat da.”
Txapelketak
Eta lan guzti honek helburu bat du “txapelketetan parte hartzen ari denak emaitzarik hoberenak lortzea da”.
Arlo honetan iazko emaitzak izango dituztela uste du LOKEko entrenatzaileak eta ederki hasi dira. Urriaren 6 eta 7an ospatu zen Pau Hiriko txapelketan Oscar Garrido judoka irabazle izan zen 90 kiloko lehian.
Asteburu honetan berriz, Hondarribiko Ama Guadalupeko taldearekin Palermora joan dira herriko judoka batzuk eta besteak Vigora.
Gerrikoak
Bestetik, gerriko beltza edo danak lortzea helburu duten judokak daudela ere aipatu eta azaroan dagoen azterketarako prestatzen ari direla jakitera eman digu. “Pentsatzen dut gaindituko dutela,” onartu du.
Sanboa
Baina judoaz gain, sanbo borroka ere landuko dutela aipatu digu Gorka Aristegik. “Sanbo egiten jarraituko dugu, gazteek nahi dutelako. Ni ez nago oso motibatua, baina sanbo borroka irakasteko eskatu didate,” aipatu du.