Festa parte hartzailea izango da Euskararen Maratoia

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 15a

Euskararen Maratoiak herritarren parte hartzea beharrezkoa du. Jaialdian herriko elkarte eta talde askok parte hartzen dute eta euren laguntza eskaintzen dute jaialdia aurrera atera dadin, hala ere funtsezkoa da herritarrek gogoz hartzea antolatzen diren ekintza guztiak jendetsuak izan daitezen. Oraindik izena eman daiteke Udaletxeko bisita gidatuetan, Benedika mendira igoera edota Babarrun txapelketan parte hartzeko animatu eta irten plazara!

Adin eta gustu guztientzako ekintzak antolatu dira Euskararen Maratoian. Aurtengo edizioan nagusiak dira Udaletxe berrira antolatutako bisita gidatuak, Benedika mendira igoerak, eta babarrun txapelketa. Azken aste honetan hauetan parte hartzeko izena emateko aukera dago.

Jakin mina
Udaletxe berria barrutik nolakoa den jakiteko gogoa dute herritar askok. Gogo honek bultzatuta dagoeneko jendeak izena eman du bisita gidatu berezi hauetan parte hartzeko.

Udaletxe berrian, 30 minutuko iraupena izango dute bisitek. Txanda bakoitzean gehienez 20 lagun onartuko dira, eta izena aldez aurretik eman behar da Ttakunen edo udaletxeko euskara-zerbitzuan.

Guztira, asteburuan 32 bisita egingo dira. Bisita gidatu horiek, euskaraz izango dira, eta Udalak abian jarri duen Euskararen Bidegorria egitasmoa ere azalduko da hauetan.

Hori bai, bisitak 16 urtetik gorakoentzat izango dira eta beraz, ezingo da haurrik eraman antolakuntzatik azpimarratu nahi izan denez.

Benedika ezagutu
Mendizaleak direnentzat, bestalde, aurten Buruntzara igo beharrean Lasarte-Oriako eremuan dagoen mendi bakar eta ezezagunera egingo dira txangoak, Benedikara hain zuzen. Mendi txikia izaki, 223metro, txangoa adin guztietarako da aproposa izan ere ibilbidearen zati handi bat espaloitik, asfaltotik egiten da. “Paseo polita eta guztiz aproposa mendian ibiltzeko ohiturarik ez dutenentzat zein haurrentzat,” antolatzaileek esan moduan.

Lehen igoera, 8:30ean izango da larunbatean, urriak 20 eta Ostadarreko kideek egingo dute tontorrean buzoia jartzeko. Ondoren, beste 25 txanda daude, nahiz eta ordu tarte batzuk dagoeneko beteta egon. Maratoian zehar txangoak Okendotik abiatuko dira eta Kotxeras inguruan Oztaran eskola aldera hartuko da espaloia. Behin hara iritsita, eskolaren atzetik ateratzen den bidexka bat jarraituta Garratzako aldapan gora egin eta azken bidexka batek zuzenean eramango ditu mendizaleak tontorreraino.
Egun Benedikara igotzeko bidea ez dago behar bezala adierazita eta Maratoiko txango hauek ere horretarako baliatuko dira. Bidea seinalizatu egingo da eta Maratoia pasata ere hauek aurrerantzean herritarrek bertara igotzeko aukera izan dezaten galtzeko arriskurik gabe.

Izena ematea
Izena emateko aurten lehen aldiz on-line egin daiteke www.euskararenmaratoia.com helbidean sartuta, Ttakuneko egoitzatik pasata edo 943 376 858 zenbakira deituta. Animatu eta izena eman. Bihotzetik plazara!

Babarrun txapelketa irekia igandean
Euskararen Maratoian jatorduek dagoeneko leku garrantzitsua dute egitarauan eta nola ez, ezin falta jatearekin zerikusia duen ekintza. Horregatik, babarrun txapelketa antolatu da.
Aurrekoan herriko elkarteek soilik hartu zuten parte baina honetan herritar guztiek dute aukera. Parte hartzaile guztiek lasarteoriatarrak izan beharko dute, Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egiten dutenak.
Lehiaketa egunean, parte hartzaileek babarrunak prestatzeko era azalduko duen errezeta bat aurkeztuko diote epai mahaiari. Errezeta horretan ez du izenik jarriko, antolaketak aurretik emandako zenbaki bat baizik.

Antolaketak jarriko ditu babarrunak, talde bakoitzak 0,5-1 kilo babarrun izango ditu maneatzeko. Talde bakoitzarentzakok aza bana, txorizo buelta bana eta txerri kostila zati bana emango zaio. Sukaldatzeko beharrezkoak diren suak eta lanerako mahaiak egokituak egongo dira. Parte hartzaileen esku izango dira bestalde, jakiak prestatzeko beharrezkoak dituzten ontziak eta lantresnak baita jakiak epai mahaiari aurkezteko platerak.

Lehiaketa igandean 10:00etan hasiko da eta 13:30ean epaimahaiko kideek babarrunak dastatu eta txapeldunen izenak emango dituzte. Epaia emateko kontutan izango da nagusiki: babarrunen konsistentzia, saldaren lodiera, kolorea eta noski, zaporea.

Epaimahaia osatuko duten lagunen izenak berriz, sekretuan dauzkate txapelketako arduradunek. Pista bakarra herriko hainbat jatetxetako sukaldariak izango direla da.

Txapelketan parte hartzeko izena aurrez eman beharko da. Parte hartzaile kopurua mugatua da. Kopurua gaindituz gero antolakuntzak zozketa egingo du, nork parte hartu erabakitzeko.