Jaki gozoak Maratoiean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 15a

Euskararen 8. Maratoiaren barruan ekintza ugari izango da. Erritmoa bizia izango da, baina lasai egoteko tartetxoak ere izango dira, jatorduak. Aurten aurreko maratoian bezala lau izango dira Okendo plazan egingo diren otorduak. Hau guztia lantalde batek antolatu du, baina maratoiko egunetan elkarteen laguntza izango dute janaria prestatzeko.

Duela lau urte berrikuntza handi bat izan zen Euskararen Maratoiaren barruan lau jatorduen prestaketa. Honen arrakasta ikusita antolakuntzak otordu guztiak mantentzeko asmoa du aurten ere.

Otordu hauek antolatzeko lan handia egiten da eta otorduen lantaldeaz gain, Lasarte-Oriako elkarteek ere parte hartuko dute hauek prestatzen.

Menuak pentsatzen
Koldo Iribar, Mari Karmen Ormazabal, Gorka Lasa, Alex Ramos eta Aitor Eizagirrek osatutako lantaldea maiatzean hasi zen lanean.

Otorduen menuak pentsatzeko “Juan Luis Eizmendi sukaldariaren esperientzia eta laguntza izan dugu,” aipatu digute. Izan ere, berrehun pertsona baino gehiagorako jatorduak izango dira Okendo plazan eskainiko direnak.

Elkarteen laguntza
Honetaz gain, lantaldeko kideek azaldu digutenez, elkarte gastronomiko guztiek lagunduko dute era batean edo bestean Euskararen 8. Maratoian.

Honela, larunbata goizeko txokolatada Lasartearra elkartearen esku egongo da.
Larunbateko paella jana “herriko koadrila batek egingo du Buruntz Azpiko elkartearen laguntzarekin”.
Semblante Andaluz, Palomo Linares, Saustatxo, Arrieskalleta, Buruntz Azpi eta Udaberrik prestatuko dute larunbateko afari gozoa. Menua kalabazin krema eta haragi gisatua izango da.

Honetaz gain, gaupasa egiten dutenek Xirimiri elkarteko sukaldariek egindako salda dastatu ahalko dute igande goizean.

Eguerdian, berriz, Babarrun jana izango da. Intza eta Extremadura etxeko kideek mimo handiarekin prestatuko babarrunak izango dira.

Era berean, herritar batzuk babarrun txapelketan egindako eltzekadak dastatzeko aukera ere izango dutela aipatu digute lantaldeko kideek.

Afarian berriz, Eusko Labeleko txekorra eta entsalada izango da. Baina kasu honetan ez da elkarterik izango prestakuntzan. “Etxezarreta Harategia eta Eusko Label-eko jendearen esku, geratu da txekorra erretzea,” azaldu dute.

Partehartzea
Lantaldeko kideek jakitera eman dutenez, otorduak ez dira zerbitzatuak izango, larunbateko haurren bazkaria eta afaria izan ezik. Beste jatorduetan bakoitzak txosnan jaso beharko du janaria.
Larunbateko afaria zerbitzatzeko eta otorduetan mahaiak jarrai eta kentzeko jendea behar dela gogora arazten dute lantaldeko kideek.

Era honetara, euskararenmaratoia.com orrialdean izen-eman behar dute laguntzeko prest dauden herritarrek.

Txartelak
Bestalde, otorduetako txartelak dagoeneko salgai daude Jalgi Kafe-Antzokian eta Ttakun elkartean.
Larunbateko bazkariko prezioa haurrentzat 2 eurotakoa da eta helduentzat 6 euro. Afariari dagokioinez 18 euro dira. Bestalde, igandeko bazkariak 6 euro balio ditu eta afariak 9 euro.

Maratoiko pintxoak eta pintxo pote mundiala
Jatorduetako orduetatik kanpo gose denak ere mokadu bat jateko aukera izango du Okendo plazan jarriko den txosnan.
Honetan haragi egosia, txorizoa eta patata tortilaz gain, arkume eta txerri errea izango dira.
Igandean, gainera, Euskararen 8. Maratoiko pintxoak dastatzeko aukera izango da. Sausta jatetxeko lagunek sortutako pintxo mundialak dira: ajoarriero eta zentolloz eginiko pintxoa, txekor karrillera eta patata pure krematsuz eginiko pintxoa, betiko urdai azpiko kroketak eta hojaldrean erretako txistorra.
Beraz, gerturatu asteburuan txosnara eta dasta itzazue jaki gozoak.

Pintxo potea
Honetaz gain, pintxo pote mundiala izango da larunbata goizean.
Herriko hainbat tabernek euskararen maratoiarekin egingo dute bat, Buenetxea, Abend, Insausti, Arkupe, Gure-Etxea, Artizar, Jalgi kafe-antzokia, Artizar eta Kantoi eta pintxo poteaz gozatzeko aukera izango da.