Maitasun konpromezua

Txintxarri 2012ko urriaren 15a

Zortzikoteko kideek aurreratu moduan, Euskararen Maratoian ezkontza bat izango da larunbatean. Bikotea Alex Tello eta Ion Martinez "Txiki"-k osatzen dute. Biak antzerki mundukoak dira eta aurreko Maratoian ezagutu ziren Joxe Mari Agirretxek (Porrotx) aurkeztuta. Hiru urte luze daramatzate bikote bezala eta polita iruditu zitzaien Maratoian bertan, lehen aldiz hitz egin zuten lekuan, euren ezkontzaren ospakizuna egitea.

Alex Tello eta Ion Martinez “Txiki”-k euren ezkontza Euskararen Maratoian ospatzea erabaki dute. Hasieran ezkontza intimoa aurreikusita zuten “ez genuen modu handian ospatu nahi baina azkenean erabaki dugu behar bezala ospatzekoa dela gure arteko konpromezua”.
Iza ere, ezagun askok oraindik ez dakite bikote direnik “jende guztia gure zoriontasunaren lekuko izatea nahi dugu”. Hori bai Maratoiari protagonismoa kendu gabe.
Bikoteak Zumaburun etxea erosi zuen duela sei hilabete inguru “eta behin urrats hau emanda, naturala iruditzen zitzaigun ezkontza, ofizial egitea gure elkarbizitza hau”. Gainera “Pablo Barrio alkatea antzerki gizona izaki ilusio berezia egiten zigun berak gu ezkontzea baina ezingo du hauteskundeak direla eta”.

Antzerkiak elkartuta
Antzerkiak batu zuen bikotea. Biak aktoreak dira eta antzezlan ezberdinak antzezten dabiltza. Jon “Ispilua” lanarekin dabil orain “Alexek asko lagundu ninduen Oteizari buruzko antzezlana prestatzen eta hor sendotu zen gure harremana, lan ordu asko elkarrekin egin genituen”.
Duela lau urte ezagutu arren, bikote bezala hiru urte luze daramatzate. “Maratoian ezagutu ginen baina apirila arte, Usurbilgo Antzerki egunean esan daiteke, ez ginela serio hasi”. Hilabete horietan antzerkiak ikustera joateko aitzakiarekin geratzen ziren, hori bai geroz eta maiztasun handiagoarekin.
Bikotea lotsati azaldu arren, ezkontzaren inguruko hainbat detaile eman nahi izan zizkigun.

Ezkontza berezia
Ezkontza egunari dagokionez, egun handia izango da. Ez zuten Maratoian protagonismo askorik hartu nahi baina beste behin, Joxe Mari Agirretxek erraztasun asko jarri zizkien. “Berak gonbidatu gintuen Maratoian ospatzera eta egia esan kontutan izanda hemen ezagutu ginela aukera ezinhobea iruditu zitzaigun. Gure senideentzat txartelak hartu ditugu eta plazan bazkalduko dugu”.
Bikotea ezkontzako jantzi eta azken prestaketekin dabil lanpetuta. Urduritasuna dagoeneko nabaritzen dute baina aldi berean eguna iristeko gogoz. Familiakoak ere pozik daude eta ondo ikusi dute bikotearen erabakia, “nire ama urduri dago, dena ondo ateratzea nahi du” azpimarratzen du Tellok. Hori bai ezkondu ondorengo lehen dantzarako “Ilusio berezia egingo liguke Eñaut Elorrietak Ilargia guretzat abestea”.
Eztei bidaiari dagokionez, “uda arte itxaron beharko dugu lana dela eta ezin ditugu egunak orain hartu, Ugandara joateko asmoa dugu”. Beraz Maratoian bikoteak euskara eta maitasuna uztartuko ditu bere konpromezuan eta Okendon bildutako herritarrak honen lekuko izango dira. Zorionak bikote!