Dagoeneko Maratoia lau urtetik behin ospatzen den euskararen ezinbesteko festa da herrian eta nola ez, aurtengo Maratoia herriko haur askorentzat lehenengoa izango da.
Ia 700 ume
Udalak bildutako datuen arabera ia 700 haur jaio dira Lasarte-Orian azken Maratoitik honako tartean. Hauek, noski erroldatutako umeak dira eta etxean Maratoiko ekintza berezi honetan parte hartzeko gonbidapena jasoko dute.
Zortzikoteak harrera berezia egingo die ume guzti hauei eta euren Maratoiko bataioa jasoko dute ekitaldi polit batean. Honela euren lehen Maratoian bedeinkapena jasoko dute oholtzatik.
Hau dela eta, antolatzaile eta zortzikoteko kideak haur hauen gurasoei deia egin nahi diete igandean, urriak 21, 17:00etan Okendo plazara gertura daitezen festa honetan parte hartu eta prestatutako ezustekoekin gozatzeko.

Haurrek beti izan dute Maratoian euren tartea eta pailazo, mago edota ipuin kontalariek harrera ona.
Ekitaldi berezia
“Kotxe Kapota” elkartaratzea deitu zaio ekintzari eta bertan egingo dutena sekretupean dute zortzikoteko kideek.
Aurreratu daitekeen gauza bakarra da Agus Mujika (Takolo) eta Joxe Mari Agirretxe (Porrotx) zortzikoteko kideak direla bereziki ekitaldi hau prestatzen jardun direnak eta gidatuko dutenak, beraz ezustekoak asko izango direla aurreikusi daiteke.
Horretaz gain, noski ekitaldia irekia izango da eta bertara gerturatzearekin nahikoa izango da. Herrikoak izan ez eta lehen Maratoia duten haurrentzat ere ekimen polita izango da eta parte hartu ahal izango dute.
Euskaldun belaunaldi berriak
Lasarte-Oriako umeak txikitatik Maratoia ezagutu eta euren parte direla ere adierazi nahi zaie ekimen honekin.
Lehenengo aldia da horrelako “bataio” masiboa antolatzen dela Euskararen Maratoiaren baitan eta herritarren erantzuna ere handia izatea gustatuko litzaieke antolatzaileei. Izan ere, “haur hauek izango dira datozen Maratoietako protagonistak eta euren ardura izango da oraindik Lasarte-Oria euskaldunago batean bizitzea”.
Hamaika ekintza
Honetaz gain, izango dira asteburuan zehar haurrei zuzendutako bestelako ikuskizun, jolas eta ekintza. Ohi bezala Euskararen Maratoiko 40 ordutako egitarauan bereziki zaindu da haurrei eskainitako lekua.
Besteak beste, haurren bazkaria izango da larunbatean, tailerrak bertan mota guztietako eskulanak egin ahal izango dituzte eta pailazoak. Hauek herriko elkarteen laguntza izango dute oholtza gainean eta aurrekoetan bezala, ikuskizun paregabea egingo dute.
Honekin batera eurena izango da protagonismo osoa larunbatean ikastetxeetan prestatutako emanaldiekin, hau 10:00etan hasiko da eta herriko eskolako haur gehienak pasako dira oholtzatik bereziki Maratoirako prestatutako saioak maixuki eskaintzeko. Asko dira entseguak eta trebezia guztia erakutsiko dute honetan.
Igandean berriz, lau urte azpikoentzat prestatutako harrera berezi honetan gurasoek lagundu ahal izango dituzte txikienak eta hauei ere ongi etorria egingo zaie.