17_EH Bilduren ekitaldi politikoa Okendo plazan

maider-azurmendi 2012ko urriaren 17a

Gipuzkoako hautagaia Iñaki Isasi eta Rebeka Ubera izan dira koalizioaren programa Lasarte-Oriako herritarrei aurkezten. Ekitaldia txalaparta doinuekin hasi da eta umorea ere izan da Mailu Arrutiren esku.

Hauteskunde kanpaina herrian ere nabaritu da egun hauetan. Gaurkoan EH Bildu koalizioko Iñaki Isasi eta Rebeka Ubera izan dira Okendon antolatutako ekitaldi politikoan hizlari.

Ekitaldia txalaparta doinu, musika eta Mailu Arrutiren antzezpenarekin hasi da. Ondoren lehena hitza hartzen Rebeka Ubera izan da. Madrildik iristen diren murrizketan politikak salatu ditu eta politika egiteko beste modu bat badagoela aldarrikatu du, EH Bilduk aurkezten duen ereduan "herritarra da protagonista" "etorkizuna eraikitzen ari gara, Gipuzkoan lantzen ari garen eredua Euskal Herri guztira zabaldu nahi dugu". Akordiorako eta elkarlanerako joera duen herri proiektu bat aurkezten dutela azpimarratu nahi izan du Uberak.

Iñaki Isasik berriz, Martxelo Otamendi izan du gogoan bere lehen hitzetan baita Rafa Diez Usabiaga "laguna". Gaur Aiete akordiaren lehen urteurrenean azpimarratu nahi izan du "ETAk soilik bete du bere partea, adostutako bost puntu horietatik bakarra bete da". EH Bilduk pakegintzan baita independentziaren aldeko giroa sortzeko urratsak bultzatuko dituela esan du Isasik.

Programari dagokionez, ekonomia juxtu eta gizarte solidario baten alde; jubilazioa 65 urterekin, lan orduen murrizketa eta osasun sistema publiko ona aldarrikatu ditu "herriak ez du zertan ordaindu behar banketxeen kudeaketaren ondorioak". Horretaz gain "gure lurra zainduko dugu, ez dugu kartzelarik nahi, ez erraustegirik". "Eusko Legebiltzarrean normalizazioa eramango duen alderdia da EH Bildu".

Ikusleen artean izan dira Pablo Barrio alkatea eta Bilduko hainbat zinegotzi. Hauen lan onari ere eskertza egin diete EH Bilduko bi ordezkariek oholtzatik.