Duela urte batzuk ikasi nuen autozentratzea zer den. Bakoitzaren errealitatetik, bakoitzaren egoeratik, pentsatzea, sentitzea. Sinplea dirudi eta begien bistakoa. Baina egiten eta esaten ditugun gauzei erreparatu ez gero, sarritan konturatzen gara ez dugula hala egiten. Hizkuntzari dagokionean, generoari dagokionean, herri ikuspegitik ari garenean e.a.
Meatzerriak, Bizkaiko mendebaldeko eskualdeak eman dit irudia. Hain ezezaguna zaigun eskualde horrek. Euskal Herria modernoaren iraultzaren sehaska da meatzerria. Eskualde horretan XX. mende hasieran esaten zuten oheak ez zirela sekula hozten. Langile, mehatzari, bat jaiki eta bestea etzaten zela lotara ohe berdinean.
In-de-pen-dentzia! In- de-pe- dentzia! In-de-pen-dentzia!
Harri zulatzaileak danba-danba kare-haitzari. Laguntzaileak, ura zuloari. Danba eta danba puntu berdinean. Insistitu. Urratu arte. Danba eta danba kare-haitza pitzatu arte.
Pitzatu da eta bi zati jaustear daude. Catalunya eta Euskal Herria.
BECen ikusitako castellersak malkoa bota arazi zidaten. Irudi hori ez dut sekula ahaztuko. Zeinen garrantzitsua den oinarri sendoa eraikitzea. Zenbat laguntzaile behe mailan, arinagoak gora, arinagoak gora eta azkenik haurrak, (etorkizunak), lortzen du gailurra. Helburua.
Danba eta danba puntu berdinean. Insistitu, pitzatu arte. Guretik, gure izatetik, gure sentimendutik, gure ikuspegitik, gure etorkizunagatik.
Autozentra gaitezen! Pentsa dezagun guretik beraz, eta eman diezaiogun independentzia Espainia gajoari!