“Herria bizi da komertzioa bizi bada”

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urr. 19a, 11:36

Aterpea 1993an sortu zenetik asko aldatu da Lasarte-Oriako merkataritza, negozio asko itxi egin dira, sortu berriak ez dira asko, baina martxan daudenak ahalegin handia egiten ari dira herritarrei hurbileko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Aterpea elkarteak esker ona adierazten die herrian geratzen diren bezeroei erakusten duten konfidantzarengatik, "azken finean merkataritza merkatariek egiten dute baina Lasarte-Oriako herriaren eta herritarrekin batera".

Jenny Garcia da Aterpea elkarteko presidente berria 2011tik. Ana Diez Usabiaga, aldiz, sortu zenetik ari da herriko merkatarien elkartean. Biekin elkartu gara Aterpeak izan duen bilakaeraren eta krisi garai honetan dituen iritzi, asmo eta erronken berri izateko.

Aterpeako ordezkariek aitortzen dute merkataritza ez dagoela momenturik onenean eta merkatari askorentzat egoera latza dela, berrogei bazkide inguru izan ziren eta orain 27 dira: “momentu txarra da denontzat, dendari, langile, erakunde eta abarrentzat, ez dago ezertarako dirurik”.

Baina herritarrekin batera aurrera egin nahi dute, ahal den neurrian eskaintza onak eginez eta herriko merkataritza bultzatzeko kanpaina ezberdinei eutsiz.

Esker ona adierazi dute Aterpeko ordezkariek, herrian erosketak egiteko ohitura duten bezeroen jarrera eta konfidantzarengatik: “Lasarte-Oriako merkataritza dendariek egin dugu, baina Lasarte-Oriako herriari eta bertako bezeroei esker” eta aurrera begira ere baikor ageri dira: “Merkatariak ahalegin handia egingo dugu herria bizirik mantentzen saiatzeko, gure trebetasun eta akatsekin, eta guztiontzat egoera eta momentua beltza bada ere, saiatuko gara gure herrian kalitatezko eskaintza eta hurbileko zerbitzua izan dadin”.
Lasarte-Orian komertzio asko itxi dira azken urteotan eta aipagarria da asko mantentzen direla pertsona bakar bat dagoelako lanean. “Herriko komertzioen azterketa egin eta banan banan begiratuz hori da ondorioa. Kobratzeko azkena zu zara eta ahal bada kobratuko duzu eta bestela ez. Horregatik irauten dute batzuk. Banaka sofritzen dugu, besteei kontatu ere egin gabe”.

Ana Diez Usabiagaren ustez, ez da argi eta garbi hitz egiten dendarien artean: "Ez gara oso gardenak, ez ditugu gauzak diren bezala kontatzen. 2007an hasi nintzen krisiaren lehen zantzuak sumatzen, ez ekonomiaz asko dakidalako edo aditua naizelako, eguneroko kaxa jaitsi egin zelako baizik. Urtero gutxiago jaso dugu, iritsi garen egoerara iritsi arte”.

Zuhurtasuna
Aterpeako ordezkariek aitortzen dute, astegun gorrian komertzioetan ez dabilela ia inor. “Bezero asko ez dira kalera atera ere egiten, ezta zer dagoen ikustera ere. Asteburuetan ateratzen gara, tabernak bete egiten dira eta ez dirudi krisi handirik dagoenik, baina astegunean, ez dabil inor”.

Dena den, gauza onak ere baditu egungo egoera honek Aterpeako ordezkarien ustez, “balioa ematen diogu urtetan bazterrean utzi den horri, azken urteotan salneurri ona zen garrantzitsua, prezio ona bilatzen zen eta, orain, bai, horri begiratzen diogu, baina ez diezazutela ziririk sartu. Berdin da jatetxe, taberna, ostatu edo dendan izan. Oso kritikoak eta zuhurrak gara poltsikoan dauzkagun sos apurrak gero eta gehiago kostatuta lortzen ditugu eta”.

Batasun falta
Aterpeako kideek ez dute uste krisia gauetik goizera etorri denik, “aspaldi hasi zen. Estrategia oso ondo kalkulatua izan da, pixkanaka makurtu gaituzte. Baina, ez dago batasunik, etxean jarraitzen dugu, etxean hitz egiten da, zergatik ez gara egoerari aurre egiteko elkartzen?”

“Niri tokatzen ez zaidan bitartean, besteena bost axola, horrelakoak bihurtu gaituzte, indibidualismoa nagusitu da beste ezeren gainetik eta horretara ohitu gara. Atzera pausua izan da. Otzandu egin gaituzte, eta bizi maila jaitsi egin dugu denok, maila batean edo bestean”.

Komertzioak elkartean biltzea oinarrizkoa da beraz Ana eta Jennyren ustez, elkartu eta “gauza garrantzitsuak egin dira, ahalegin handia eskatzen zuten ekimenak izan dira, azokak, ikastaroak...”
Jenny Garciak gutxi gorabehera duela urte bete hartu zuen Aterpeako lehendakari kargua. Berak jakinarazi digunez, herri mailan, egitasmo berririk ez dute, betikoari eutsiko diote, baina, eskualde mailan, Buruntzaldean, herrietako komertzioa eta kontsumoa bultzatzeko plangintza bat egingo dute, Hernani, Andoain, Astigarraga, Usurbil eta Lasarte-Orian.

Kalitate eta arreta
Ana Diezek urte asko daramatza dendari eta bere ustez, ez dago zalantzarik gaur egun bezeroari gero eta kalitate eta arreta gehiago eskaini behar zaio, eta dendarientzat ere oso garrantzitsua da formakuntza: “Ia bezero guztiak ezagutzen ditugunez, lasaitu egin gara eta ez ditugu zaintzen. Erosteko itxura gutxi duen bezeroa sartzen bada ere, dena eman behar da berarekin”. Bere ustez, “bezero kopurua ugaritzeko moduak edo tresnak aztertu baino, agian, pentsatu behar dugu gure atetik sartzen diren bezeroak ondo zaindu behar ditugula. Dauzkagun 150 lagunak, ez ditugu nahi bezain ondo tratatzen, lasaiegi egoten gara. Hori ere jorratu beharrekoa da”.

Argi dute bestalde, Aterpea elkartean, Lasarte-Oria ez dela Tolosa edo Eibar, “hauek hiriburutik urrutiago daude eta defenditzen dira, 60 urtetik gorako pertsonek ez dute autobus eta trenean ibili nahi eta horregatik bakarrik herrian gelditzen dira. Hemen, topo onegia daukagu, oso ondo dago baina komertzioarentzat oso txarra da, segundo batzuetan Donostian zaude”.