Atzera kontaketa hasi da!!

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urr. 19a, 11:39
Bihar goizeko 8:000tan hasiko da Euskararen Maratoia. Asteburuan zehar burutuko diren ekintza zein lehiaketan parte hartzeko oraindik aukera dago. Hori bai aurrez izena eman beharko da gaur Ttakunen eta asteburuan Okendon jarriko den dendan. Sarean egiteko aukera atzo itxi zen beraz azkar ibili eta ez galdu udaletxe berria edota Benedika mendia ezagutzeko aukera!
Euskararen Maratoia festa parte hartzailea da eta herritarrek beste behin ere honetan parte hartzeko gogoa azaldu dute. Aste hauetan ekintza ezberdinetan laguntzeko izena eman dute askok baita udaletxe berria, Benedika, proba konbinatua, babarrun lehiaketan parte hartzeko ere.

Hala ere, hainbat txandetan oraindik lekua dago eta izena emateko aukera. Gaur ostirala, Ttakuneko bulegoan ekintzetan izena emateko aukera egongo da bertatik pasata edota 943 371 448 telefonoan.
Asteburuan zehar berriz, Okendon jarriko den dendan egin beharko da. Orain arte sarean euskararenmaratoia.com orrialdean izena emateko egon den tartea itxi egin da beraz gogoan izan Okendon jarriko den dendan egin ahal izango direla izen-emate guztiak.

Txartelak dendan
Bestalde kamisetak eta jatorduetarako txartelak ere dendan eskuratzeko parada izango da asteburu osoan zehar. Larunbateko bazkarirako txartelak agortuta daude eta antolatzaileek gainontzeko jatorduetarako txartelak lehen bait lehen hartzea gomendatzen dute.

Larunbateko afariko txartelak daude, honetan menua barazki krema, haragi gisatua, edaria, postrea, kafea eta kopa izango da. Igandeko bazkaria babarrun jana izango da eta gauean berriz, txekor errea, Okendo plazan bertan erretakoa. Gogoratu menua ezberdina izanik, jatordu bakoitzak prezio bat daukala.

Pintxoak
Pintxoak ere izango dira Maratoian. Larunbateko pintxo potea Artizar, Jalgi, Insausti, Abend, Buenetxea, Ilargi, Arkupe, Gure Etxea eta txosnan izango da. Honetan igandean pintxo bereziak dastatzeko aukera izango dela aurreratu dute antolatzaileek, “euskararen maratoiaren pintxoak”.

Txintxarri.info zuzenean
Egitarauari dagokionez, azken astean hainbat aldaketa egin dira hau dela eta Txintxarri.info -ko atal berezian duzue eskuragarri azken bertsioa. Hala ere, kontutan izan bertan ekintza nagusiak jaso direla eta oholtzako ezusteko asko ez direla ageri.

Maratoian zehar abestuko diren kanten letrak liburuxka batean jaso dira herritarren artean banatzeko eta hau ere eskuragarri duzue.

Gainontzean etxean, herritik kanpo edota lanean egongo diren herritarrek txintxarri.info orrialdean zuzenean jarraitu ahal izango dituzte Maratoiko ekitaldi nagusiak.

Horrela larunbateko 8:00etan hasiera ekitaldia zuzenean emango dugu gure web orrian, gaueko giroa ere ikusteko aukera izango da gau erdian eta igandean berriz, Maratoiaren agurra emango dugu 22:30etatik aurrera.

Animatu eta parte hartu Euskararen Maratoian ez da aspertzeko tarterik izango eta!