Elizako kanpaiak errepikan. Zortziak. Hasi da Maratoia. Eguneroko maratoia luzea da, eta behar dugu jai goxoa, eguneroko maratoiari indar berriz ekiteko Maratoia. Jaia. Jaso harria, berdindu zortziren artean, Lasarte-Oriako herritar guztien artean, eta bagoaz plazara.
08: 10* Hasiera ofiziala: Karpa erraldoiaren azpian batu gara herritarrak eta gaur hausnarketarako eguna izan arren, oholtzaren gainean daude udaletxeko ordezkariak. Pablo Barrio alkateak hitz egin du. Baita ere Tomas Agirrezabalagak, Ttakuneko lehendakariak, eta jarraian moztu da zinta. Patxi Etxeberriak bere bertso sorta kantatu du, bere eskaria: euskara den txoritxoak herrian bere habia egitea.
08: 22* Maratoiko bando berezia entzun dugu eta jarraian...
08: 30* Benedika mendia ezagutzera habiatu da lagun kuadrilla. Buzoi eder askoa, eta pisutsua, ipiniko dute bertan. Ipuin paregabe bati jarraipena emango diote, eta Isabela igela ekarriko digute. Bitartean, udaletxe berria ezagutzeko parada izan dute herritarrek. Moñoñoa dela diote.
Kukukako lagunek erditu dute bihotz handi bat eta Maratoiari agurra berezia dantzatuta jarraitzen du jaiak. 40 ordu hauetan entzun eta dantzatuko den lehenengo “Bero-bero” kantaren doinuak hasi dira. Jendea gogo biziz dago, ez du ahaztu ez letrarik ezta koreografiarik ere, jarri da karpa osoa dantzan.
08:50*: Diana mundiala: Habiatu dira txistulariak eta baita ere kamioia hartuta zortzikote erdia. Guztiek helburu bakarra dute: herria esnatzea.
09:05* Plazan badugu elkartasun azoka. Herriko elkarte solidario ezberdinak batu dira, euren lanaren berri adierazteko.
09:20*: Herriko “gazteenek” gimnastika exibizioa egin dute Okendo plazan, erdoiltzeko aitzakiarik ez dagoela erakutsita. Bertako abesbatzak berriz, bere kantuaren gozoa erakutsi die plazara bertaratutakoei.
09:25* Foto Kall berezia: Lasarte-Oria Holliwooden pare utzi du Iñigo Artolaren erakusketak. Artista ezagunez gain, herriko artistek ere Iñigorekin argazkia ateratzeko parada izan dute.
09:30* Txokolate gozo-gozoa: Benetan gozoa Lasartearra elkartekoek partitu duten txokolatea. Txurroak baina ez ziren falta.
10:05* Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko ikasleen emanaldi mundialak: Hasi da herriko txikien ikuskizuna. Okendoko oholtzatik pasa dira tribu urbano pila: gotikoak, punkiak, rockerrak, rastafariak, raperrak eta hipyak. Eta gurasoak, lerdea zeriela, plazan.
11:00* Maratoiko pintxo-pote berezia Lasarte-Orian: Trikitilarien laguntzaz tabernaz taberna ibili dira pintxo potean.
12:00* Pausoka-pausoka Jalgunerekin: Pausoka-pausoka bagoaz aurrera, Jalgunekoek horrela ipini dute dantzan Okendo plaza.
12:45* DYAk eta suhiltzaileek erreskate mundiala egiten zuten bitartean, paella mundiala prestatzen hasi dira Buruntz Azpiko lagunak eta Xabier Zaldua sukaldaria. Jaki kopuruak mundialak: 35 kilo arroz, 100 litro salda, 10 kilo ilar, 10 kilo leka, 5 litro tomate frijitu, 15 kilo oilasko, 5 kilo txorizo, 10 kilo txipi, 10 kilo muskuilu, 2 litro olio, 5 kilo piper gorri, 5 kilo piper berde, 5 kilo txanpinoi eta gatz pittin bat (100 gramo).
13: 15* Bazkaria: Haurrak lehendabizi eta helduak gero. Eta tartean ezkontza: Alex Tello eta Ion Martinez ezkondu zaizkigu eta bazkaltzeko galeperrak ez, arroza, paella eran jan dute, beste guztiokin batera. Ezkontide pastela izan dute, eta lore-sorta batetik bestera ibili da.
16:01* Emanaldi paregabeak ikusi ditugu, herriko artistek bete dute oholtza, gaueko aurrerapen gisa. Oholtzatik pasa dita ATCko neskak, Centro Civicokoak, eta EPAkoak baita ere.
Txikienen gogoan herriko pailazoak. Eta hor agertu dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots txikien gozagarri. Herriko elkarteek abesti klasikoak berreskuratu dituzte. Bertan entzun ditugu: Epo Ita Itaie, Xalala Rikiriki... Argindarrak huts egin, eta herritarrak hasi dira kantuan (ohitura zaharrei eutsi behar baitzaie: mikrofonoak huts egin dezake, baina euskarak 40 orduz etenik gabe jarriatu behar baitu airean).
Itzartu taldearen erromeriak hartu du lekukoa, eta honek moda desfileari eman dio lekuakoa.
Gerora afari goxoa etorriko da, baina hori beste kontu bat da.
* (ohar garrantzitsua) Erredaktore honek ez ditu bere gain hartzen ordutegian egin ahal izan diren aldaketak ezta egitaraua ez betetzeagatik sor daitezkeen desajuste eta herritarrekiko molestiak ere. Zergatik? Maratoian inprobisaziorako tartea dagoelako beti.
