Moda desfilea txalo, oihu eta flash artean igaro da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 20a

Berritzailea izan da arratsaldean Maratoiaren oholtzan izan den moda desfilea. Izan ere, Nora Izagirre diseinatzaileak lagunduta, Kukuka Dantza eta Antzerki Eskolako modeloek eurek eskuz landutako soinekoak erakutsi baitituzte herritarren aurrean.

Material birziklatua erabili dute jantziak egiteko eta publikoak txalo zaparrada eta lausenguzko txistuez hartu ditu. Hori gutxi balitz, amaieran Zea Maysen "Negua joan da ta" abestia dantzatu dute oholtza gainean eta diseinatzaile izateaz gain, dantzari apartak direla frogatu dute.

Aurretik gazteen txanda izan da. Musika kontzertu bana eskaini baitute Itzartu eta Ahuen taldeek. Lehenak erromeria polita eskaini du eta bigarrenak kontzertu goxo bat. Ondoren, DBHko gazteek hiru abesti dantzatu dituzte ikusleen artean zituzten lagun eta familiakoen animo artean.