21_PSE-EE nagusitu da hauteskundeetan Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 21a

Igandeko hauteskundeetan PSE-EEk eskuratu ditu emaitzarik onenak Lasarte-Orian, 3.233 boto, EH Bildu izan da bigarren indar politikoa, 2.241 botorekin eta EAJ izan da igoerarik nabarmenena izan duena, 1.989 eskuratu ditu iazko aurreko hauteskundeetan baino 565 gehiago. Hauteskunde egunean ez zen gertakari nabarmenik izan.

Gasteizko parlamenturako urriaren 21eko hauteskundeetan Lasarte-Oriako kutxetan PSE-EEk eskuratu ditu botorik gehienak, hain juxtu 3.233, gutxi gorabehera aurreko urteko hauteskundeetan antzera, 3.309 eta 3.147 hurrenez hurren Kongresurako hauteskundeetan 2011ko azaroaren 20ean eta Udal hauteskundeetan 2011ko maiatzaren 22an. 2009an Gasteizko Parlamentua berritzeko egin ziren hauteskundeetako emaitzekin konparatuz gero, jaitsiera nabarmena izan du PSE-PSOEk, Patxi Lopez lehendakaritzara eraman zuten bozketa haietan 3.816 boto jaso baitzituzten, igandean baino 507 gehiago.

EH Bildu izan da Lasarte-Oriako bigarren indar politikoa hauteskunde hauetan, 2.241 botorekin. Boto batzuek galdu ditu aurreko bozketetatik. Kongresurako, iazko azaroan, Amaiurrek 2.446 eskuratu zituen eta Udal Hauteskundeetan 2.168 Bilduk eta 152 Aralarrek.
EAJk emaitza onak izan ditu aurreko hauteskundeekin alderatuz. Igandean 1.989 boto eskuratu zituen, iazko maiatzean 1.091 eta azaroan 1.424. Dena den, Gasteizko legebiltzarra berritzeko eta lehendakaria aukeratzeko 2009ko hauteskundeetan boto gutxi batzuek gehiago jaso zituzten, 2.092 hain zuzen ere.
PPk jaitsiera nabarmena izan du iazko azarotik, orduan, Mariano Rajoyk gehiengo absolutua lortu zuen hauteskundeetan 1.653 lasarteoriatarren botoa jaso zuen PPk eta orain 855 besterik ez dira izan, ia erdia, eta gutxi gorabehera iazko maiatzeko udal hauteskundeetan, 785, eta 2009an erkidegoko hauteskundeetan, 991, antzera.

Azkenik EzkerBatua-Berdeak eta Ezker Anitza, banatutako alderdien artean, lehenengoak nagusitu dira. EBkoek 255 bozka eskuratu zituzten igandean, eta Anitzakoek aldiz, 130. Biek batera 399 jaso zituzten iaz Kongresurako hauteskunde orokorretan.

UPyDk 197 eskuratu ditu duela urte bete baino 11 gutxiago. Boto gutxi eskuratzen dituzten alderdi txikien artean aipagarria da boto eta aulki zurien aldeko plataformakoei 124 lagunek eman diela botoa. Equo-Berdeak alderdiak 66 eskuratu ditu, Pacma-k 50, PUM+J-k 23, eta UCE-k 6. Guztiek izan dute jaitsiera, hurrenez hurren iazko azaroan, 113, 78, 43, eta 16 eskuratu baitzituzten. Alderdi humanistak 14 boto eskuratu ditu.

Botoa emateko aukera zuten 13.610 lasarteoriatarretatik, 9.603 lagun hurbildu ziren hautes-mahaietara igandeko hauteskundeetan. Jaso ziren boto horietatik 50 balio gabeak izan ziren eta 100 zuriak. Abstentzioa ia heren batekoa izan zen aukera zuten herritarretatik ehuneko 29,5 ez zen bozkatzera joan, guztira lau mila lasarteoriatar baino gehiago.