Kirola eta babarrunak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urr. 21a, 16:14
Euriak ez du atsedenik eman eta Buruntzako erronka bereziki zaila aurreikusi arren, Endika Garziak errekorra hautsi du 38:48-ko denbora eginez. Babarrun lehiaketan irabazle suertatu dira Marian Bueno eta Bakartxo Alkorta.
Kirola izan da goiz euritsu honetan protagonista. Lehenengo lehian ikusi ahal izan dira Kaxkarro eta Zabaletako taldeak proba mixtan. Kaxkarro aurretik hasi da baina trontzan arazotxo bat izan eta aurreratu da Zabaleta, azken lasterketan elkarrekin sartzea erabaki dute bi taldeek. Horrela berdineketan amaitu eta zortzikoteko kideen muxuak jaso dituzte sari modura.

Ondoren irteera eman zaio Buruntzako erronkari. Flores eta Garzia bizikletan atera dira Okendotik eta euriak ingurua lokaztu arren inork espero ez zuen emaitza lortu du Garziak, errekorra hautsi du 38:48ko denborarekin. Jonathan Flores eta Iraitz Arruabarrena atzean utzi ditu bidean erori den arren. Hala ere lan bikaina egin dutela ezin zalantzan jarri kontutan izanda euri zaparrada mardulek eta lokatzak ez dutela erraza jarri proba.

Herri kirolak eta konbinatua
Telleria harrijasotzaileak ere izan dira Okendon. BeƱat eta Urtzik erakustaldi polita eskaini dute. Bitartean proba konbinatuan lehiatu dira Ostadarreko bi talde eta Ttakuneko gazteek osatutako bat. Horrela ergometroan, tirolinan, patinetan eta korrika indarrak neurtu dituzte.

Babarrun lehiaketan berriz, epaimahaiak zaila izan du baina azkenean garaile izan dira Marian Bueno eta Bakartxo Alkorta. Marianentzat bigarren txapela da eta hasieratik babarrun hoberenak beraienak zirela argi zeukan.