Bero-bero, mela-mela

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urr. 22a, 02:52
Bukatu da lau urtez lasarteoritarrak euskararen inguruan biltzen dituen jaialdi handia. Festa ikaragarria izan da asteburuan, euskararen alde busti dira lasarteoriarrak, festa giroan murgildu eta Euskararen Maratoiaren karpa bete duten herritarrek beste behin erakutsi dute euskaraz bizi nahi dutela. Asteburu osoan ez du atertu kanpoan, mela-mela zen herria, baina bero-bero karpa barrua.
Amaiera beroa izan du Euskararen VIII. Maratoiak. Alboka, Zero Sette eta Erketzen emanaldia ederra izan da.
Beroa izan da festaren amaiera. Ederra Alboka abesbatzako, Musika eskolako trikitilariek, Zero Sette orkestrako eta Erketz dantza taldeko kideek eskaini duten ia bi orduko ikuskizuna, eta hunkigarria zortzikotearen eta Euskararen Maratoiaren agurra. Berriro ere, euskararen erabileraren alde karpa bete duten herritarren berotasuna eta esker onak are hunkigarriago egin du amaiera. Bero bero dantzatu eta kantatu dute zortzikoteak, Ttakuneko ordezkariek eta karpa azpian bildu diren lasarteoriarrek. Egunotako euri zaparradak baino indartsuagoak izan dira Lasarte-Orian Euskararen Maratoiaren inguruan Okendo plazan entzun diren txalo zaparradak.