Noiz itzuliko haiz seme/alaba?

unai-munoa 2012ko urriaren 26a

Gauza gutxik banatzen gaituzte politikak beste, erlijioak eta futbolak salbu, noski. Politikariek, elkarbizitza solidarioa eta gizarte politika koherenteak eragin ordez, mutur desberdinetan kokatzen eta konfrontatzen gaituzte. Herritarrok erabakiak hartu beharrean, nork erabaki hautatzen dugulako, akaso.
Euskal gatazka arrazionala eta identitarioa izateaz gain, emozionala ere bada, minaren herentzia, alegia. Hamaika hildako, torturatu, atxilotu, deportatu, bortxatu, iraindu, baztertu… suposatu duena, gorrotora ohitu gaituena.
Inork, onak eta txarrak, garaileak eta galtzaileak, borreroak eta biktimak… bereizi nahi baditu, egin dezala, baina nik oso argi daukat denok jarri dugula guretik amets gaizto hau egi bihurtzerakoan, denok. Ondorioz, denok eman beharko dugu zerbait bidean, irtenbide batetara helduko bagara.
Behin gatazkak lapurtutako seme-alaba berriro magalean bildu gabe emango dute azken hatsa guraso askok, edo senide eta lagunek. Beste mordo batek, maiteak bidean galdu dituzten bezala. Ez al da garaia bakoitzari bere ardura politikoa eskatzeko eta normalizazio politikoa zein bake prozesua gorpuzteko?
ETAk jarduera armatua behin-betiko etetea erabaki duen legez, estatu espaniar eta frantziarrek neurriko erabakiak hartzea ezinbestekoa da, borroka molde politiko soiletara mugatuz eurak ere.
Kolorea, elkartasuna, askatasuna, maitasuna, irria… zabaldu behar ditugu lau haizetara, getifikaziotik integraziora salto eginez, inoiz gehiago ez dadin guraso bat leihotik begira geratu seme-alaben zain, malko bat dariola.
- Noiz itzuliko haiz seme/alaba? - Agian, inoiz ez, baina beti biziko zara nigan, ama/aita.