Honekin batera Kros Txikia ere burutuko da 12:15ak aldera. Honetan iazko parte hartzeari erreparatuz, antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 800 ume espero dituzte.
Iazko lasterketarekin alderatuta, aurtengo edizioan ez da aparteko berrikuntzarik izango. “Joan den edizioan Okendo plaza berreskuratu genuen eta bertan geratzeko asmoa dugu luzaroan” azaldu dute Ostadar S.K.T.ko arduradunek.
Lasterketa
Igandean azken urteetan bezala, ordu aldaketa tarteko 3:00etan 2:00ak izango dira. 10:30ean hasiko da Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren XVII.edizioa.
Parte hartzaile elbarrituak zertxobait lehenago aterako dira eta azken edizioetako ohiturari jarraiki, lasterketa hasi aurretik Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra egingo diete korrikalari guztiei.
Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da eta helmuga berriz, Okendo plazara iritsi baino pixkat bat aurrerago, Laubide bezala ezagutzen den bidegurutzean hain zuzen. Parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute.
Lasterketa amaitzean Lasarte-Oriako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute kirolariek eta hainbat opariren zozketatan parte hartuko dute kirol ekitaldiak ikusteko sarrerak, kirol materiala, afariak….
Babesle falta
Lasterketa antolatu ahal izateko babesleak aurkitzea “geroz eta nekezagoa” dela azpimarratu dute Ostadarretik. “Hemen ez gaude kexatzeko moduan, baina egia da, salbuespenak salbuespen, laguntzaileen diru-sarrerek behera egin dutela eta ondorioz, izen-ematea bi eurotan igo behar izan dugu. Ez da izan gustuko erabakia baina krosak herrian giroa sortu, kirola sustatu eta kirolarekin gozatzeko aukera emateaz gain, badu beste helburu bat, Ostadar S.K.T.ko talde guztiak finantziazioa”.
Kros Txikia
Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren hamabigarren edizioa hasiko da. Antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 800 korrikalari inguru espero dituzte. Sei mailatan banatu dituzte, eta adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen-ematea Ostadar S.K.T.-ren egoitzan egin behar dute edo egunean bertan. Haur bakoitzak 5 euro ordainduko ditu eta trukean, kamiseta eta domina jasoko dute besteak beste.
Materiala jaso
Iaz dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak bezperan banatu zituen Ostadarrek lehen aldiz eta pasatako korrikalari kopurua kontutan izanda, 700 baino gehiago izan ziren, “aurten gauza bera egitea erabaki dugu” azaldu dute antolatzaileek.
Aurten materiala jasotzeko bihar, larunbata, Mitxelingo frontoian izango da aukera11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30ra arte. Bertan jaso ahal izango dira dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak. Igandean, berriz, goizeko 9:00etatik 10:00ak arte egingo da banaketa. Antolakuntzatik korrikalari guztiei, eta batez ere herritarrei eskatzen zaie ahal den neurrian materiala larunbatean jasotzeko lasterketa egunean lasaiago ibiltzeko. Dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak jaso ahal izateko korrikalariek egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dute.