“Azkenen eskerrak jaso ditugu beti”

jon-altuna-iza 2012ko urriaren 26a

Mozorrotu eta erratzak aldean dituztela egingo dituzte aurten ere XVII. Lasarte-Oria Bai! kros Herrikoiaren 10 kilometro eta 500 metroak datorren igandean goizeko 10:30ean hasita. Urtero bezala, kirola lehia soilik ez dela erakutsiz eta atzean ezinean doazen korrikalariak animatuz, baina aurten 1 dortsalarekin. Ostadar elkarteak, krosaren antolatzaileak, euren lana aitortu eta ohore hori eman die.

Kroseko gauzarik bitxietarikoa da urtero parte hartzaile guztien atzetik joaten den korrikalari koadrila. Mantso joaten dira, mozorroa eta erratzak aldean dituztela, kirola sofritu gabe, ondo pasatuz egin daitekeela uste dutelako. “Dena ez da irabaztea eta markak haustea, kirola egin daiteke ondo pasatuz” kontatu digute Juan Luis Ieregi, Juantxo Prieto eta Txema Esnalek.

17. krosa izango da Ieregirentzat, ez du sekula hutsik egin, Prieto ez zen iaz atera ebakuntza bat zela medio eta Esnalek bost egin ditu: “aipatu nuen Krosean parte hartzeko asmoa eta azkenetarikoa izango nintzela; orduan “zergatik ez zara ateratzen eskoba bezala?” galdetu zidaten eta horrela hasi nintzen. Nahi duena atera daiteke atzeko koadrilarekin”.

Lehen Dortsala eskainita, esker ona adierazi dizue Ostadarrek, pozik al zaudete?
Pixka bat bai. Beste batzuek esaten digute, behin hau emanda erretiratu egingo gaituztela. Egia esan, poza eman digu.

Lan ona egiten duzuen seinale?
Bai, batez ere, azkenak doazenak animatzeko intentzioa izaten dugu, eta ondo pasatzekoa.
Kirola ez da bakarrik atletak eta onak direnentzako, kirola zabaldu egin behar da. Kontua ez da bakarrik markak haustea, ondo pasatuz ere egin daiteke kirola, hori izan da beti gure helburua eta azkenei lagundu egiten diegu.

Los ultimos serán los primeros" esaera bete da oraingoan, lehen dortsala azkenentzat...
Bai, gu beti bezala aterako gara, hori bai, bat zenbakiarekin.

Urte askotan atera zarete...
Bai, lehenengo krosa normal bukatu eta bigarrenean atera ginen erratzekin lehenengo aldiz. Ordutik, koadrilak ez du hutsik egin. Jende asko ibili da, batzuek urteren batean kale egin dute, beste batzuek utzi egin dute eta berriak ere hasi dira. Juantxo eta Kiki gara egoskorrenak.

Nolatan sortu zen kontu hau?
Behobia-Donostia proban ikusten genuen zer ondo pasatzen zuten Iparraldekoek koadrilan. Orduan palan jokatzen genuen eta koadrilakoek esan genuen, “zergatik ez gara ateratzen emakumez jantzita, ezagutzen ez gaituztela, azkenak eta eskobarekin”. Horrela hasi zen.

Azken metrotan seme-alabak ere etortzen ziren gurekin, oso polita zen. Orain ume askok egiten dituzte azken metroak gurasoekin.

Pentsatu al duzue aurten zertaz mozorrotuko zareten?
Badaukagu ideiaren bat, diferente aterako gara, baina sekretua da, ez dugu esango.
Urtero egin dugu aldarrikapen edo protestaren bat. Batean presoen alde, bestean, gasolioaren igoeraren aurka, sudur gorriarekin pailazoen alde, baserritar jantzita hauen arazoak salatzeko ala erraustegiaren aurka....
Ez dugu bakarrik erratza eraman.

Korrika egiteari baino, lehiari kentzen diozue pisua, ezta?
Kirola ez da bakarrik sofritzea, egin daiteke kirola ondo pasatuz. Bidean pare bat zerbeza hartu, jendea zirikatu eta hori bai azkenei asko laguntzen diegu: animatu, ura eman... Krosa amaitzerakoan beti ematen dizkigute eskerrak.

Iaz 85 urteko korrikalari oso zaharra etorri zen Asturiastik, ibilbide osoa berarekin egin genuen eta esan zigun guregatik ez balitz ez zela iritsiko. “Segi pixka bat gutxi falta da eta” esaten genion.
Animatu nahi ditugu koadrilak elkarrekin atera daitezen, ez da bakarrik korrika lehenengoak iristea, baizik eta koadrilak elkartu eta koadrilan korrika egitea.