Piano eta ahotsaren indarra

jon-altuna-egitegi 2012ko urr. 27a, 16:18
None
Aspaldi ikusi gabeak ginen horren kalitate altuko kontzerturen bat Lasarte-Orian. Iñaki Salvador piano-jolearen talentuak eta Ainara Ortegaren ahots finak Jalgira hurbildu ziren 40 lagunen belarrietan eztanda eragin zuen.
Artistek esan zutenez, ondo pasatzeaz gain, kontzertu didaktikoak egitea dute atsegin. Sortzen duten musika publikoak uler dezan.
Hasi eta buka, benetako musika erakustaldia eman zuten euskal kantu tradizionalak jazz formatuan eskainiz.
Batzuetan bortiz, bestetan xuabe. Batzuetan ahots edo piano “solo” itsu-luzeetan murgilduta, bestetan elkarri begira, armonia bikainean. Uneoro publiko eta euren artean oreka bilatuz, komunikatuz. Tenore onean joan zen bi ordu inguru iraun zuen kontzertua, eta ikus-entzuleek primeran pasa zutenaren seinale kanta eta kanta artean eskaintzen zieten txalo oldea.
Euskal kantutegiko abestien moldaketa zoragarriak egin zituzten. Hala nola, Benito Lertxundi, Mikel Laboa edota Amaia Zubiriaren obrak interpretatu zituzten gau magiko batean.