Azken portuan, oroitzapenen galeretan

jon-altuna-egitegi 2012ko urr. 27a, 21:41
Saio ederra eskaini zuten larunbata arratsaldean Dejabu antzerki taldeko kideek. Kukukak proposatutako saiora haur ugari hurbildu ziren euren gurasoekin batera, eta arratsalde pasa polita egin zuten Didi eta Gogoren itsas-unibertso berezian murgilduz.
Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga aktoreak, antzerkiko momentu batean.
Gure oroitzapenak itsas galeretako oholak bezala, ez dira itsas hondoan ezabatzen, ez dute inongo porturik helburu...", Joseba Sarrionandiaren hitzak dira, eta Didi eta Gogo larunbateko antzerkiko protagonistek ondotxo dakite hori.
Azken Portuan geratzen diren biztanle bakarrak dira biak eta garai bateko euskal arrantzaleen bizipen eta kondaira zaharrak gogoratu nahian ari dira...
Didi gaztearen jakin-minak bultzatuta Gogo zaharraren oroimenean arakatzen hasiko dira biak. Han agertuko dira Krispin neskatila eta bere abentura zirraragarriak, bere ametsak, bere ilusioak; azken finean denok ditugunen antzekoak. Batzuetan politak, besteetan ez hainbeste, baina ametsak azken finean.
Istorio horietako bakoitzak mezu bat utzi zuen antzerkia ikustera joandako pertsona bakoitzarengan, barkutxo bat oroitzapenen itsasoan.

Aktoreak, bikain
Urko Redondo eta Ainara Gurrutxagaren lana aipatzekoa izan zen larunbata arratsaldean. Lehen unetik umeen arreta bereganatzea lortu zuten, txotxongilo, interpretazio txukun eta argi zein musika jokoen laguntzaz.
Ander Fernandez aritu zen antzerkia musikaz girotzen, bonbo, txindata eta klarinetearen bidez zuzenean musika eginez.
Atrezzoa benetan sinplea izan arren, oso ondo landua zeukaten. Arrainak garraiatzeko bospasei kaxa hartuta, orain barku, orain arrandegi, orain kofradia bihurtzen zuten kultur-etxeko eskenatokia. Lan txukuna.