29_Michelingo zelaia martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 29a

Gaur hasiko dituzte herriko taldeek entrenamenduak Michelingo zelai eraberrituan. Udalak jakitera eman duenez lanak aurreikusitakoa baino "merkeagoak" izan dira. Herriko kirol elkarteei denbora honetan azaldutako jarrera onagatik ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Gaur hasiko dira entrenamenduak Michelingo futbol zelai eraberrituan. Oraindik udalak jakitera eman duenez, atzeko aldean lanek jarraituko dute eta hauek guztiz bukatzeko beste aste batzuk igaro beharko dira.

Atzo korrikalari batzuek bertan egin zituzten beroketak.
Udalaren esanetan, eraberritze lanak ondo joan dira eta finkatutako epeetan burutu dira "azken asteetako euriteek pixkat atzeratu dituzten arren". Azkenean, lanen kostua aurreikusitakoa baino murritzagoa izan da eta beraz udala pozik azaldu da egindakoarekin.

Bestalde, udalak herriko kirol elkarteei eskerrak eman nahi izan dizkie "lanen atzerapenaren aurrean azaldutako jarrera ona eta sortu zaizkien arazoen aurrean erakutsitako pazientziagatik. Aurrerantzean kirola behar den moduan praktikatzeko aukera bikaina izango dugu zelai berrian".