31_Hirigintza parte hartzailea defendatzen du udal gobernuak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urriaren 31

Goizean PSE-EEko ordezkariek egindako agerraldiaren ostean, udal gobernutik ohar bat bidali da hainbat informazio faltsuak direla azalduz. Bereziki argitu nahi zaie Babes ofizialeko etxeetako jabeei, BEZ aren igoeraren kontua ez dela egia. Euren etxeak eraikuntza enpresak martxoan beharrean, urte amaieran prest izango dituela jakitera eman eta udalak diru hori aurrezteko bere esku dagoen guztia martxan jarri duela argitu nahi izan dute.

Artxiboko irudia, zonaldean lanak hasi zirenekoa.
Udal gobernuak hainbat gauza argitu nahi izan ditu PSE-EEko ordezkariak diren Jesus Zaballos eta Iñaki Mugicak goizean esandakoaren harira hasteko, lanen epeak hasieran ezarritakoak direla azaldu nahi izan dute. "Ez da egia Udalaren atzerapenik izan denik proiektu honen lanketan. Proiektuko lanak bere epeen barruan burutu dira eta martxorako bukatzea pentsatzen da aurreikusia zegoen moduan".

Aldi berean udaletik onartzen da, "proiektuak moldaketak izan dituela eta aurrera begira proiektu hau behar den bezala aurkeztuko dugula, gure ustetan hobekuntza ugari ekarriko dituen proiektua baita. Hala ere, egin beharreko lanek ez dute inondik inora gure proiektuaren ibilbidea oztopatu eta hasieratik ezarrita zegoen epea beteko dugu".

Babes ofizialeko etxeak
PSE-EEko ordezkariek babes ofizialeko etxebizitzen jabeek gain koste bat ordaindu beharko dutela azaldu dute BEZ-aren igoera dela eta baina udalak gezurra dela salatu du "P4 eta P6 eremuetan eraiki beharreko etxebizitzen eraikuntza hasieratik 2013ko matxoan bukatzea aurreikusten zen. Honekin batera, eta etxebizitza hauek okupatu ahal izateko baimena jasotzeko, beharrezko hornidura eta urbanizazio lan guztiak epe berdinean bukatzeko aurreikuspena egin zuen Udalak".

Gaineratzen dute udalak hilabete honetan bertan, "etxebizitzen proiektua burutu behar duen enpresak, lanak aurreratzeko eta etxebizitza erosleei BEZa aurrezteko aukera izan genezakeela jakinarazi zigun. Horretarako, agian, lanak abendurako bukatu zirela esanez. Udaletxeak, aukera hau ikusita eta egungo egoera ekonomikoaren jakitun, bere barne lanak azkartu zituen bere esku zegoen guztia egin ahal izateko".

Beraz, "PSE-EEk sortu nahi duen polemika babes ofizialeko etxebizitza hauen erosleei espektatibak sortuz, bidegabea iruditzen zaigu. Guk ez dugu famili hauen etorkizunarekin jolas egiteko intentziorik. Inork ez du esan obrak abendurako bukatuko direnik: ez eraikuntza enpresak, ezta Udaletxeak ere. Baina, biak gure borondate onenarekin gure lanak azkartu ditugu famili hauek diru hori aurrez dezaten. Eta horretan ari gara".

Azkenik, etorkizuneko proiektu honek jakin mina piztea positiboa iruditzen zaiela azaldu dute udal ordezkariek, baina "ezagutu aurretik PSE hartzen duen jarrera ez zaigu batere egokia iruditzen". "Espazio publiko berri bat eraikitzera goaz eta gainera herriaren erdialdean kokatuko dena. Garbi dago orain arte herrian egin diren espazio publikoek ez dituztela herritarren beharrak bete eta kasu askotan hutsak ikusten ditugula, Andatza plaza adibide. Gure proposamena bide berri batetik doa, ez daukagu aurretik egindakoa errepikatzeko asmorik eta hirigintza parte hartzaile batean oinarritutako proiektu bat gauzatu nahi dugu. Guztiok modu honetan ikustea nahiko genuke, interes politikoak alde batetara utziz herritarren hobe beharrean pentsatuz".

Azalpen honekin polemika itxi nahi dute udaletik eta proiektua behar bezala aurkeztuko dela jakitera eman dute. Beraz, hurrengo asteetan izango da proiektu honen berri.