A-14 Loidibarren HIE dagozkion P6 partzelaren eta partzela mugakideen urbanizazio osagarrirako lanak hasteko proiektua urgentziaz aurkeztu zuen udal gobernuak atzo alderdi guztiak bildutako batzordean. P6 deritzon eremua, P4 zonaldearekin batera, San Pedro elizaren atzeko eremuari deitzen zaio. Honen baitan sartzen dira BM, garajeak eta Adarra kaleko Babes Ofizialeko 100 etxebizitzak.
PSE-EEko ordezkariek azaldu moduan, beraiek gobernuan zeudela inguru horren urbanizazio proiektua bi ataletan banatu zuten. Lehenengoa beheko zonaldea zen, supermerkatua eta garajeak barne hartzen zituena eta bigarrena berriz, hauen gainean eta etxe berrien inguruan geratzen den espazioa. Horrela lanen lizitazioa lehiaketa publikora ere bitan ateratzen zen.
Bigarren fasean atzerapenak
P6 eremua urbanizatzeko 2011ko uztailean adostu zuen aurreko gobernuak proiektua lurraren jabe diren enpresekin batera. Honakoa gelditu eta "2012ko uztailean berriz proiektu honen pliegoak ateratzeko urgentziazko batzorde batera deitu zitzaigun". Arazoa da honako pliegoek babes ofizialeko etxeei bizigarritasun baimena emango liekeela. Hau da, egin beharreko lan hauen barruan ura eta estolderia bezalakoak daude sartuta eta honakoak burutu arte etxeetan ezingo da bizitzera sartu. Bilera hartan eztabaida sortu eta "ez zen erabakirik hartu".
Atzo hirigintza batzordean hau izan zen gai nagusia eta udal gobernuak proiektu berri bat aurkeztu zuen zonalde honetarako. Aurretik aurkeztutakoan inguru honetan kirola egiteko leku bat aurreikusten zen, haur jolasak eta lorategi batzuk. "Proiektu hau lurraren eremuaren jabeak diren Murias eta Lanondo enpresarekin kostetan eta beharretan adostuta zegoen" azaldu du Iñaki Mugicak.
"Orain azken momentuan hartutako erabaki baten arabera, bizilagunekin parte hartze prozesu bat abiatu nahi du udal gobernuak eta bi fasetan egingo dira lanak". Lehenengo fasean etxebizitzen ingurua txukunduko da, hau da irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren lanak egingo dira eta honekin batera bizigarritasun baimena eskuratuko dute etxebizitzek. Eta bigarren fase batean, plaza edo parkea urbanizatuko litzateke, parte hartze bileratan bizilagunen iritziak kontutan izanda eratuko litzatekeena.
Iñaki Mugicak azaldu duenez PSE-EEk kontra bozkatu behar izan zuen atzo aurkeztutako proposamenei "Batetik oso larria da gure ustez udal gobernu honek azaltzen duen inprobisazioa. Ezin da uztailen urgentziaz gai hau adosteko deitu eta orain beste proiektu bat ekarri, bost hilabete beranduago. Behintzat proiektu berria udaleko teknikariek egin dute gastuak murriztu aldera". Proiektu hau lurren jabeekin adostu den galdetuta berriz "erantzuten zaigu Muriasekin bai hitz egin dela baina ez Lanondorekin eta hemen arazoak egon daitezkeela uste dugu".
Ondorio larriena bizilagunentzat
Koordinazio falta honek PSE-EEren ustetan "oso ondorio larria" ekarriko du. Babes ofizialeko etxebizitzen bizigarritasun baimena lanak atzeratzeagatik urtarrila baino lehen eskuratzea ia ezinezkoa izango da eta etxe hauen jabeek BEZ-aren igoera dela eta, %4tik %10era, 6.000 euro gehiago ordaindu beharko dituzte euren etxeak eskuratu ahal izateko "hau oso larria da, uztailean lanak martxan jarri izan balira bizilagunek ez lukete gain koste hau hartu behar".
Bestalde parte hartze prozesuen aldeko direla azaldu dute PSE-EEko ordezkariek baina "prozesuaren inguruan galdetuta, alkateak ez zigun erantzun argirik eman, zeini galdetuko zaio? zein izango da planteatuko den galdera? gainera prozesu honetan argitu beharko zaie herritarrei diru kopuru zehatz bat dagoela plaza hau egiteko, 120.000euro BEZ-a barne". Sozialisten ustetan ez da parte hartze prozesu argia hemen burutuko dena "gu beti bizilagunen iritzia jasotzearen alde gaude baina hau ez da zilegi herritarrentzat."
Bestalde hutsa egongo den lur eremu hori mantendu beharko da lanak eta parte hartze prozesua burutu bitartean, datorren urteko ekaina, eta horrek gastua eragingo duela uste dute sozialistek "eremua garbi mantendu beharko da txakur kaka bertan pilatu ez dadin ezta?".
Edukiontziak
Gainera proiektuan lur azpiko zabor ontziak kendu direla salatu dute. "Udal gobernua hauen kontra azaldu da hasieratik, garestiak direla argudiatuta, usain txarrak eta saguak daudela diote. Hau ez al da izango mantenu egokia egiten ez zaielako?" Herrian horrelako gehiago ez jartzea erabaki du udal gobernuak eta sortzen dituzten arazo hauen atzean atez ateko sistema jartzeko nahia dagoela adierazi dute.
Gaineratu nahi izan dute, aurrez udal pliego guztietan baloratzen zen puntu bat enpresak herriko langabetuen kontratazioa egitea zen. Hau da, herrian egin beharreko lanetan enpresak beharginak behar izatekotan, lehentasuna ematea herriko langabetuei "orain udal gobernuko kideek diote honako puntua ilegala dela behin eta berriz eta inguruko langabetuekiko diskriminazioa eragiten duela. Gezurrik ez esatea, ez da ilegala herrian lan egin behar duten enpresei honakoa positiboki baloratzea eta bestela salaketa jartzea dute". Herrian dagoen langabetu tasa altuaren aurrean zerbait egin behar dela defendatu du Zaballosek, kontratazio hauek beti gizarte zerbitzu eta bere garaian INEM-en elkarlanarekin burutzen zirela argitu nahi izan du.
Horrela herriko alderdi sozialistak azken puntu hau beregain ez duten esleipenen aurrean kontrako bozka emango duela azaldu du.