Hildakoen omenezko eguna da azaroaren lehenengoa eta kanposantura joateko urteko hitzordua herritar askorentzat. Bertan familiarekin edota bakarrik hilobietara loreak eramatea da ohitura eta hala egiten dute askok eta askok.
Hilerriko sarreran egon ziren atzo eta gaur Ormazabal lore dendako Arantza eta Conchi. Beraien hitzetan herritarrek ohiko lore sortak erosi dituzte aurten ere. Ez dute bereziki nabaritu krisiaren eragina baina egia da, loreen salneurriak mantendu dituztela, iazko berdinak dira, salmenta kopuruan eragin gutxiago izateko "irabazia gutxiago da guretzat baina garai hauetan horrelakoak egitea egokitzen zaigu, denentzat dira garai zailak".
20 urte baino gehiago dira bi saltzaileak hilerrian egon direla hain egun berezian eta ondo ezagutzen dituzte herritarren ohiturak. "Aurreko egunetan gehienak garbiketa eta txukunketa lanak egitera etortzen dira, bezperan loreak jartzen dituzte eta azaroaren 1ean, familiarekin batera etortzen dira bisita egitera igandez jantzita".
Manttangorri berezia
Udalak autobus zerbitzu berezia jarri zuen atzo eta gaurko egunerako lehenengoz. Manttangorrik atzo arratsaldean hainbat bidai egin zituen 16:00etan hasita eta gaur berriz, egun osoan izango da. Herritar asko honen berri izan ez arren begi onez ikusi dute zerbitzua "beharrezkoa zen, bestela kanposantua herritik oso urrun dago jende helduarentzat".