Pilota partidu ederra amezketarren aurka

jon-altuna-egitegi 2012ko aza. 3a, 20:37
Kadete mailako Gipuzkoako txapelketaren 7. jardunaldia jokatu zuen Intzak larunbata arratsaldean Michelingo pilotalekuan. Herriko Arteaga eta Arangurenek Amezketako Zazpi Iturri klubeko Altuna eta Otamendi izan zituzten aurrez aurre. Garaipena zein ligaxkako bi puntuak etxean geratu ziren, 22-17 irabazi baitzuten Intzakoek partidu zail bezain polit batean.
Bertaratu ziren pilotazaleek gozatu ederra hartu zuten, txalo eta oihu artean. kalitate handiko pilota jokoa ikusteko parada izan baitzuten.

Hasieratik, gogor
Intentsitate handiarekin ekin zioten lau pilotariek lehiari. Tanto gogorrak, ikusgarriak eta neketsuak izan ziren lehen herenekoak. Arteaga eta Altuna aurrelariek beren dohainen berri emateko baliatu ahal izan zuten sotamano, gantxo, bolea zein punpa-lasterrean pilota txikituz.
Atzelariek eutsi eta ahalik eta gutxien huts egitea izan zuten xede, eta Arangurenek Otamendik baino gehiago asmatu zuela esan daiteke.

Markagailua, parekatuta
Hasieran amezketarrak 3-6 aurretik jarri baziren ere, bilakaera honakoa izan zen Intzakoen 7-0eko partzialaren ostean: 10-6 / 12-12 / 16-16 / 22-17.