Euskal gatazka eta elkarrizketa sekretuak, “Su txikian”

Txintxarri Aldizkaria 2012ko aza. 5a, 10:34

Glu glu produkzioak-en “Su txikian” antzezlana bihar estreinatuko da Azpeitian eta Lasarte-Orian larunbatean ikusi ahalko da. Galder Perezen antzezlanak azken hamarkadan euskal gatazka konpontzeko egindako sukalde lana aurkezten du. Besteak beste, Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek elkarrizketa sekretuak edo politikari sozialistek ETAko ordezkariekin Genevan eta Oslon izandako ezinbesteko negoziazioak taula gainera daramatza.

Glu glu produkzioak-en “Su txikian” antzezlana bihar estreinatuko da Azpeitian eta Lasarte-Orian larunbatean ikusi ahalko da.
Galder Perezen antzezlanak azken hamarkadan euskal gatazka konpontzeko egindako sukalde lana aurkezten du. Besteak beste, Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek elkarrizketa sekretuak edo politikari sozialistek ETAko ordezkariekin Genevan eta Oslon izandako ezinbesteko negoziazioak taula gainera daramatza.
Honetarako Imanol Murua Uria kazetariaren “Loiolako hegiak”, Jesus Egigurenen beraren “ETA. Las claves de la paz” eta Arnaldo Otegiren “El tiempo de las luces” liburuak dauzka oinarrian obrak.

Bi emanaldi

“Su Txikian” lanak euskaraz eta gaztelaniazko bertsioa du eta biak ikusteko aukera izango da Lasarte-Orian. Euskarazkoa, larunbata honetan Manuel Lekuona kultur etxean eta gaztelaniazkoa, berriz, azaroaren 29an, Udalbatzar aretoan.
Boris Nogales kultura zinegotziak azaldu digunez, “emanaldi berezia izango da. Gaia negoziaketa prozesua denez, politika egiten den lekuan antzeztu nahi zuten eta udal batzar aretoa aproposa iruditu zitzaigun,” azaldu du.
Era honetara, ikusleak gertu egon eta negoziaketak “lehen pertsonan” bizitzea nahi dutela, azaldu digu. Era berean, ikusle kopuru mugatua izango duela aipatu digu, 60 pertsonentzako lekua egongo da Udalbatzar aretoan.
Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude www.lasarteoriasarean.eu webgunean. Gogoratu gaztelerakoan sarrerak mugatuak izango direla.

Sarreren zozketa

Honetaz gain kultura saileko arduradunak azaroan eskaintza zabala dagoela azpimarratu du, “ekitaldi hauetako batzuk herriko taldeen laguntzaz aukeratutakoak edo antolatutakoak dira”. Esate baterako, hurrengo astean Otehitzari biraka edo Ninika dantza ikuskizunak ikusi ahalko dira.
Ekintza hauen guztien sarrerak internet bidez eskuratu ahal dira eta gainera, kultura sailak berrikuntza bat aurkeztu du. Zinemarako sarrerak online erosteagatik hurrengo zine saiorako sarreren zozketan parte hartuko dute herritarrek.
Honetaz gain, lasarteoriasarean webgunean harpidetuta dauden erabiltzaileen artean ekintzetarako bi sarrera bikoitz zozketatzen jarraituko du kultura sailak.