“Garrantzia eman diot egur tailari”

jon-altuna-iza 2012ko azaroaren 5a

Egur tailari beste dimentsio eta garrantzia eman nahi izan dio Gotzon Huegun-ek “Ura eta Egurra” Donostiako Aquarium-ean jarriko duen erakusketaren bidez. Egurrezko zazpi lan eraman ditu eta bereziki tamaina handiko bi mural dira ikusgarrienak. Azaroaren 8an ireki eta urtarrilaren 2ra arte egongo da zabalik, Aquarium-eko Nautilus aretoan.

Duela lau bat urte enborrean egin zuen Aquariuma baino sinpleagoak dira pieza berriak.
Donostiako Aquarium-eko aretoa toki aparta izango da Gotzon Huegunen lanak ikusteko. Batetik, ohiko bisitaren barruan egongo da ikusgai, akuario, arrainontzi, ontzi eta abarren artean, urtarrilaren 2ra bitartean eta bestetik, azaroaren 10ean eta 24an, zein abenduaren 15 eta 29an, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean, sarrera doan izango du erakusketak Paseo Berriko atetik eta Gotzon Huegun bera bertan izango da erakusketari buruzko azalpenak ematen.

Toki ona, erakusketa garrantzitsua, al da zuretzat?
Itxaropena badaukat behintzat. Garrantzitsua izan daiteke, Aquarium-ean erakusketa bat jartzeko Aquarium-ek gonbidatu behar zaitu, urte osoan, hilabete guztietan ez dira erakusketak egiten, aukeraketa bat dago eta sona duen erakundea da Aquiarium-a. Beraz, erakusketa aukera ona eta garrantzitsua izan daiteke. Ikusiko da.

Zure lehen erakusketa tematikoa al da?
Tematikoa baino, arreta egur tailan bakarrik jarri dut, horri eman diot lehentasuna. Muralak dira, batzuek tamaina handikoak, baina ez dut eskulturarik sartu, egur tailari beste dimentsio bat emateko aukera dago Aquarium-ean, goi mailara altxatzekoa edo.

Uraren inguruko lanak al dira?
Bai, Aquarium-ekoei bururatu zitzaien erakusketaren izenburua “Ura eta Egurra”, eta oso ondo iruditu zait, pieza guztiak urarekin lotu daitezke eta, baina ez dut erakusketa prestatu ura edo uraren gaian pentsatuz. Beraz, ez dut ideia horrekin egin, ez da ardatza izan, baina zentzu hori dauka.

Itsasoa ere ageri al da erakusketan?
Bai, bada aquarium txiki bat, itsas karakolen beste taila bat...

Erakusketarako bereziki prestatu dituzu piezak?
Erakusketa honetarako egin ditut bi pieza handienak eta ikusgarrienak, eta aurretik egindako pieza batzuei aldaketa batzuek egin dizkiet, bat handitu, bestea aldatu. Guztira zazpi pieza dira, berri berriak bi, handienak.

Horietatik bat umeentzat pentsatua?
Bada aquarium baten taila, asto batean jarrita, baina altuera baxuan, nolabait esateko haurren altueran. Beti ohituta gaude erakusketetan helduen prisma edo ikuspegia izaten, hala ere, pentsatzen dut adin guztietako jendea izango dela bertan eta haurrei keinu bat egin nahi izan diet. Dena ez da helduentzat pentsatu behar.

Duela lau urte egin zenuen Aquarium bat enbor batean?
Hori oso konpletoa zen baina ez daukat jada. Horretan oinarrituta, baina askoz ere sinpleagoak dira hauek, ez dute zer ikusirik.

Nola sortu zitzaizun erakusketaren aukera.
Bixente Zaragueta, Aquarium-eko zuzendaria, Hernanikoa da, harremana du bertako margolari batzuekin eta berak proposatu zidan. Niri ez zitzaidan sekula bururatu horrelako leku batean erakusketa jartzerik, ez nekien bertan horrelakoak egiten zirenik ere. Aukera eta toki ona izan daiteke.

Beste proiekturik ba al daukazu?
Ez, honetan zentratu naiz. Gustatuko litzaidake hurrengo Aste Santu inguruan Suitzan Zurich-en honelako erakusketa bat prestatzea, hangoak datoz erakusketa hau ikustera eta hori da nire ideia. Baina oraingoz, ikustera datoz, beraiekin hitz egin eta ea zerbait aurrera atera daitezkeen.