“Lana, lana eta lana, horixe tokatzen zaigu”

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 5a

Pablo Barrio alkateak dagoeneko karguan bere lehen urtea egin du. Ez da erraza izan tartea hartzea, baina azkenean berarekin solasalditxoa izateko aukera izan du TXINTXARRIk. Denbora honetan lan asko egin behar izan du eta aitortu digu ia baztertuta daukala idaztea, bere benetako pasioa. Harro dago besteak beste herritarrek hurbilago sentitzen dutelako udala, behintzat hala esan diote kalean edota auzoetan burututako bileretan eta horrek bereziki pozten du. Krisi ekonomikoaren garai zail honetan gauzak egiten jarraitu behar dela defendatzen du, hori bai hauek egiteko moduak errotik aldatuta. Herriaren garapena eta martxa ezin du egoera ekonomiko zailak eten.

Pablo Barriok dagoeneko urte bete baino gehiago darama alkate lanetan. Denbora honetan egindako guztiaren balorazioa eskatuta, argi dauka, urtea intentsoa izan da oso.
Horretaz gain Barriok azaldu moduan krisi ekonomikoak ere eragina izan du udalaren egunerokoan. Diru faltak derrigor martxa eta proiektu berriak ez gelditzeko gauzak beste modu batera egitera bultzatu ditu. Krisiak ordea, ez du udalaren jarduna etengo eta beste modu batera lan eginez aurrera aterako direla argi dauka alkateak.
Maila pertsonalean, antzerkia da herriko alkatearen pasioa, orain guztiz utzita dauka halabeharrez alkate izendatu zutenetik. Ezaguna izatera ere ohitu behar izan da baina hala ere pozik eta harro dago Lasarte-Oriako alkate izanda.

Dagoeneko urte betea gainditu duzu alkate bezala. Nola laburtuko zenuke urte luze honetan bizitakoa?
Ez da erraza laburtzen, bai pertsonalki bai politikoki hamaika egoera eta kontu gertatu dira urte honetan. Dena dela, hitz batekin laburtzekotan, intentsua izan dela esango nuke, intentsua oso.

Uste baino gogorragoa izan al da? Zer izan da gogorrena?
Gogorra… ez nuke hitz hori erabiliko. Jakina, dena ez da gozoa izan, ezta gutxiagorik ere, une gogorrak suertatu dira eta suertatuko dira, zalantzarik ez daukat; baina, tira, horiek kudeatzeko gaude eta egingo dugu.
Txarrena eguneroko zurrunbiloa dela esango nuke, bileraz bilera ibili behar tarterik gabe, gai batetik bestera salto, presio handiarekin egin behar duzu lan; are gehiago sartu berria izanda zure burua kokatu behar duzunean. Maila pertsonalean, nire buruarekin egoteko denbora botatzen dut faltan, zaila gertatzen zait hori; bizitza publikoak bizitza pribatua murrizten dizu, anonimotasuna galdu, denbora kendu…

Zer da zure lanen artean gehien gustatzen zaizuna?
Aurrekoa esanda eta osatuz, bizitza publikoak asko ematen dizula ere esan behar da. Jende asko ezagutu, normalean usaindu ere egingo ez zenituzkeen egoerak eta errealitateak bizitzen dituzu, batzutan atseginak eta bestetan ez, baina hori bertatik bertara ezagutu ahal izatea oso aberasgarria da.
Noizbehinka nekagarria gerta daitekeen arren, jendearekiko harremana da politena.

Orain urte bete horrela izango zela uste al zenuen?
Erronka handia zela bagenekien, guztiontzat berria zen eremu batean sartzen ginen eta prest geunden, zentzu honetan ez dut sorpresa handirik hartu. Gero, egia da espero ez dituzunak ere topatzen dituzula, urte askotan sortutako ohitura eta moldeak hor daude eta eragina dute.

Zer moduz moldatzen zara EAJ eta Plataformako batzorde buruekin? Suposatu daiteke zuen eztabaidatan ezberdintasun ideologikoak tarteka azaleratuko direla ezta?
Urte honetako esperientziatik, politenetakoa horixe izan da. Jatorri ideologiko eta soziologiko ezberdinak ditugun hiru taldeak bildu eta oso elkarlan politean ari garela lanean.
Logikoa denez, noiz edo noiz desadostasunak sortzen dira, baina horiek ere adostuta daude eta aurrera goaz proiektu komun honetan, oso gustura, dena esateko. Azkenean, herriak batzen gaitu eta nik oso argi daukat herriak ez zuela ulertuko hirukoaren apurketa. Nik neuk ere ez.

Lehen urtea agian "kokatzeko" edota herriari eta udalari neurria hartzeko izan da baliogarria. Hemendik aurrera zer?
Nabaria denez, lehenengo urtean, kokatu eta lehendik zetorrenaren kudeaketa tokatzen zaizula ezinbestez. Hemendik aurrera, argi eta garbi, aldaketa ikusi egin behar da.
Ez aldaketa aldaketa egiteagatik, noski, mende laurden baten kudeaketa mota aldatu beharra dagoelako baizik.
Besteak beste, horregatik aurkezten zara hauteskundetara. Gauza pila dago egiteko eta horretan gaude. Ez dira diru errazeko garaiak, krisiak eta Estatutik hartzen diren neurriek ez dute aurrera egiten laguntzen, baliabide gutxirekin egin behar dugu aurrera.
Lana, lana eta lana, horixe tokatzen zaigu. Eta lan guzti honen aurrena erantzuteko prest gaude.

Zeintzuk dira labur hartutako erabaki nagusiak? Zuen politikaren ildo nagusiak zeintzuk izan dira?
Lehenengo urte honetan aurrera begirako oinarriak jartzen saiatu gara, azken lau urtetan ezinezkoa zirudiena egin dugu: aurrekontuak onartzea; berez, arrunta izan beharko luke horrek baina gure herrian ez da horrela izan.
Hala ere, niretzat denbora honetan garrantzitsuena herritarrekiko harreman eredua aldatzea izan da, udala herrira hurbildu da, sentimendu hori daukat.
Sakontze eta garapen luzea eskatzen duen “Auzoz auzo” ekimena izan daiteke horren adierazle bat, baina ez bakarra. Jendeari irekiak eta naturala dena modu naturalean egiten saiatu gara eta horrela jarraituko dugu.

Nola ikusten duzu herria? Zer hobetu da?
Aldaketa eman da, modu lasaian, nik normaltasun giroa aipatuko nuke. Gauzak egiten dira, jende pila dago kalean… Ez dakit pertsona egokiena naizen esateko, baina udala eta herritarren arteko harremana normaldu egin dela, udala hurbilago dagoela esango nuke, ez dugu beti asmatuko baina hori da gure asmoa behintzat.

Zeintzuk dira hartu beharreko hurrengo, berehalako, neurriak?
Berehala-berehalakoak 2013ko Ordenantzak dira, horietan ari gara lanean dagoeneko, eta ondoren datorren urteko Aurrekontuak daude, horiek baitira edozein politikaren oinarrizko tresnak.
Gero, hurrenak aipatzearren, Gaztelekua denbora tarte txikian martxan jartzeko lanean ari gara, eta gauza bera Okendoko aparkalekuekin. Egindako sondeoaren emaitzak ikusita alokairuan jarriko dira denbora tarte ez oso luzean.
Gainera, aurrera begira apustu berri pila ditugu esku artean, baina ez dut gehiegi aurreratu nahi.

Nolakoa nahi zenuke Lasarte-Oria?

Horrelako galdera baten aurrean beti dago Olentzerori idatzitako gutun batekin erantzuteko tentazioa: langabeziarik gabeko herria, duina, solidarioa, batua,…; euskalduna, noski; gizon-emakumezkoen arteko ezberdintasunik gabekoa; hemen eta munduko beste edozein lekutan jaiotakoak elkar aberastuz biltzen dituena; kultoa…
Aspaldian utzi nion umea izateari, ordea, badakit Olentzero nor den eta badakit, azkenean, herria herriak egiten duela. Beraz, herritar aktibo eta parte-hartzaileez osatutako Lasarte-Oria nahi dut, modu eraikitzailean ideiak eta kritikak aportatuko dituztenak, indibidualismoa alboratu eta auzolanerako prest egongo direnak.
Honela osatutako herri batek edozeri egingo baitio aurre.

Alkate izateak idazteko denbora kendu al dizu?
Idatzi? Nola esan duzu? Alkatetzak denbora asko kentzen dizu idazteko eta orokorrean zure bizitza pertsonaleko ere bai.
Denboraren kudeaketan asko ikasi beharko dut seguru asko, baina, ez dakit, inguruko alkateak ere ikusita estu eta larri lanean ari gara denok.
Beraz, ametsa litzateke idaztea, eta noizbait egingo dut hori baita nire benetako grina, baina ezinezkoa da momentuz.

Antzerkian jarraitzeko tartea izan al duzu?
Antzerkiarekin neukan harremanaren zatirik potoloena izozkailuan dago.
Tarteka kontu txikitxoren batean saiatzen naiz laguntzen, baina orain ikusle soil moduan jarraitzen dut.

Alkate izateagatik jendeak desberdin jokatzen al du zurekin?
Betidanik ezagutu nautenek betiko modu berean jokatzen dute nirekin. Noski, orain jende guztiak, edo ia guztiak ezagutzen nau eta hori egoera berri bat da niretzat.
Lehenengo hilabetetan adibidez jende pila hurbiltzen zitzaidan animoak eta zorionak emateko.
Orain egoera hori normaldu da guztiz eta jendearekin, herritarrekin, harremanak askoz naturalagoak izaten dira, esan behar dut errespetuzkoak direla beti.
Egia da, hala ere, alkatetzak berez herritarrekin sortzen duela halako harreman berezi bat.
Saiatzen naiz guztiekin egoten ahal den modu naturalenean, azkenean alkatea herritar arrunt bat da, denbora tarte batez postu berezi batean dagoen herritar soila, besterik ez eta hori argi izan behar da.

Oporrak, zubiak, asteburuak libre hartzen al ditu alkateak?
Lan egiten duen edozein herritar moduan, oporrak, asteburuak eta bestelakoak ditut, noski.
Hala ere, onerako eta txarrerako lotan zaudela ere alkate zara 24 ordu egunero eta ez da arraroa ezkontza, emanaldi, afari, sari banaketa eta horrelakoak asteburu edota jai egunetan suertatzea. Esan moduan, berez, gauza politak izaten dira, giro gozoan jendearekin egotekoak eta horrela disfrutatzen ditut, baina egia da zure denbora pertsonala asko murrizten dela.

Herritarrei zer esango zenieke bizi dugun krisi egoera honen aurrean?
Zalantzarik gabe arduraz jokatzeko garaiak dira, ez da alarmismoa sortu behar, baina egoera zaila da eta zailagoa izango da.
Estatu mailan hartu diren eta hartuko diren neurri kalamidade horiek kapitalismoaren logikaren bidetik doaz: gutxi batzuen alde eta gehiengoaren kontra. Ondorioak berriz, denok pairatzen ditugu.
Hala ere nire ustez egoera ekonomikoak ez gaitu blokeatu behar; kontrakoa, denok hausnarketa sakonak egiteko garaiak dira.
Beste garaietako erantzunek ez dute balio garai berriei aurre egiteko. Norberak norberari begira egonda ez goaz inora, erantzun kolektiboak behar dira, baina ez instituzioen aldetik bakarrik, baita herritarren aldetik ere.
Ezin dugu gaur egungo egoera normaltzat hartu eta gauzak beste era batera izan daitezkeela pentsatu behar dugu etorkizuna lantzeko.