Langabezia, arazo larria 

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 9a

Lasarte-Oriako langabezia tasa %15-ekoa baino gehiagokoa da. Gipuzkoako eta gure inguruko herrien artean altuenetakoa. Hau ikusita, herriko hainbat langabe batu eta plataforma sortu dute. Astean bitan elkartzen dira eta egoera honi aurre nola egin aztertzen dute.

Aste honetan Espainiako Lan Ministerioak Estatu mailan urriari dagokion langabezia datuak eskaini ditu. Hauen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasa %2,4 igo da, 4.000 bat langabe gehiago batuz. Guztira 168.078 langabe dira gurean.

Gipuzkoan ere langabe kopuruan igoera izan da, 1.255 pertsona gehiago dira egoera honetan, irailarekiko % 2,73ko igoera. Honela, azken urteko joera kontuan izanik, Gipuzkoan % 17,43 hazi da langabezia tasa.

Lasarte-Oriako egoera
Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuak irailean argitaratuko datuen arabera, Lasarte-Oriako langabe kopurua 1.342koa zen eta langabezia tasa, berriz, %15,6.
Lasarte-Oriako Udalak egindako “Lasarte-Oria zenbakitan” azterketa sozioekonomikoan agertutako datuen arabera, maiatzean gure herrian %15,7 langabezia tasa zen eta 1.349 herritar lanik gabe zeudenak.

Langabeak batu
Datuak hobera egin badu ere, Lasarte-Orian langabezia arazoa larria da eta gure inguruan egoera okerrenean dagoen herria da. Honi aurre egiteko hainbat herritarrek Lasarte-Oriako Langabeen Plataforma sortu dute.

Hau asteazken eta ostiralero Manuel Lekuona kultur etxean elkartzen da langabeen egoeraz jarduteko eta krisiari konponbidea bilatzeko.

Aurretik 11:00etan, Okendo plazan elkartzen dira eta bertan elkarretaratzea egin edo elkarrekin herriko kaleetan itzulia burutzen dute aberastasuna eta lan banaketa duina eskatzen duen pankartarekin.
Plataformak urriaren 24an eskainitako prentsaurrekoan taldearen izaera eta gauzatuko dituen ekintzen berri eman zuen.

Honela, herritarrei jakin arazi nahi izan zieten “ez dugula zer ikusirik inolako alderdi politiko, sindikatu edo eta organismorekin”.

Era berean, Plataformak helburu batzuk zehaztu dituela ezagutzera eman zuten.
Batetik krisiaren eragina pairatzen duten kolektibo desberdinei irtenbide laboralak bilatuko dituela.
Eta bestetik, herritar horiei lan munduan txertatzeko heziketa eta gaitasunak garatu ahal izateko erraztasunak ematen ahaleginduko dela.

Ekintzak
Hau guztia gauzatzeko ekintza desberdinak burutzen ari da Plataforma: taldeak sortu ditu herrian autoenplegua eta lan-jarduerak sustatzeko; aholkularitza eskaintzen du eta hainbat erakunderekin bitartekari lana egingo du.

Gizarte aldarrikapena ere izango da Plataformaren eginkizunetako bat. Izan ere, “gure taldeentzat gehiegikeria diren gertaerak salatu eta zabaltzeko ardura hartuko dugu, nahikoa baitute hauek krisiaren zama beraiengain onartzearekin”.

Eta salaketekin jarraituz, “organismo publikoek ez digute errazten geure jardueraren garapena,” adierazi zuten.

Amaitzeko, herritarrei batez ere, egoera latzenean daudenei asanbladarekin bat egitea eskatu zieten, “gehiago izanda indar handiagoa izango dugu eta lehenago lortuko ditugu gure helburuak”.

Era honetara, herritarrei dei egin zieten Plataformak asteazken eta ostiraletan Okendo plazan egiten dituen ekintza edo kultur-etxeko bileretan parte hartzeko.