Gaztelekua martxan jartzeko pausuak ematen hasi da Lasarte-Oriako Udala. Hilabete honetan Gazteria saila Manuel Lekuona kultur etxetik Gaztelekura mugitu eta saileko arduradun eta teknikariak bertan daude dagoeneko lanean.
Udalak jakitera eman duenez, astean zehar goizeko ordutegian izango dira bertan lanean.
Aurrekariak
Taxio Arrizabalaga Gazteria batzordeburuak, orain hilabete batzuk azaldu moduan, proiektu estrategikoa eta oinarrizkoa du udal gobernuak Gaztelekuarena “gazteekin zerikusia duten politikak gauzatzea da nire helburu nagusietako bat eta testuinguru horretan Gaztelekua sartuko nuke”.
“Nire lehentasunetako bat Gaztelekuaren proiektua ondo garatzea da eta honekin lortu herriko gazte guztientzako gune dinamiko bat. Ezinbestekoa ikusten dut gazteak bilduko dituen espazio hori sortzea”.
Gazte bulegoa
Horrela izanda, udal langileak bertara eramateaz gain, Gazte Informaziorako Bulegoa, orain arte Manuel Lekuona kultur etxeko 3. solairuan zegoena, lekuz aldatu dutela ere jakitera eman dute.
Gaztelekuan, Jaizkibel plazako 13.zenbakian egongo da aurrerantzean zerbitzu hau eta lehengo ordutegi bera mantentzen du. Hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00ra eta 16:00etatik 19:00era dago zabalik.
Bertan ikastaroak, lana, aisia, ikasketak, bekak, edo gazteentzako txartel bereziei buruzko informazio guztia jaso dezakete bertara gerturatzen diren gazteek.
Gainontzean, udal ordezkariek aurreratu dutenez, hau da oraingoz Gaztelekuan martxan dagoen zerbitzu bakarra, baina gunea abiatzeko proiektua lantzen bukatzen ari dira asteotan eta denbora gutxi barru izango da honen berri.