Memoriaren eguna ospatzeko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 9a

Memoriaren eguna izango da bihar larunbata, azaroaren 10a. Eusko Legebiltzarrak 2010. urtean egun hau izendatu zuen hain juxtu “terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako” eguna.

Lasarte-Oriako udalak 2010. urteko irailaren 9an ospatutako udalbatzarrean honako egunarekin bat egiteko adostasuna hartu zuela gogoratu nahi izan dio Jesus Zaballosek alkateari bidalitako oharrean.
Honekin batera iaz ere egun honekin bat egiteko eskaera luzatu eta udal gobenuak ez zuela ezer egin leporatzen dio Barriori idatzian. “Udaleko talde sozialistak soilik egin zuen ekimen berezia egun honetan biktimak gogoratzeko”.

Lore eskaintza
Iaz udaleko PSE-EE taldeak omenaldia egin zuen Askatasunaren plazan. Bertan Jesus Zaballos Lasarte-Oriako sozialisten buruak, kide eta zenbait herritarren babesarekin, biktimen omenezko aldarria irakurri zuen eta lore eskaintza burutu zuten ondoren.

Iazko omenaldian ere gogor salatu zuen Zaballosek udalaren jarrera eta memoria aldarrikatu behar dela adierazi zuen, “terrorismoak eragindako biktima eta familien mina ezin dugu ahaztu eta beraiekin gaudela gogoratu nahi diegu. Ez ditugu ahaztuko askatasuna eta demokraziaren alde lan egiteagatik bizia eman dutenak”.