Ireki bihotza mintzalagunentzako, izan bidelagun

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 9a

Ttakun elkarteak Udalaren euskara sailaren laguntzarekin burutzen duen solaskide-mintzalagun programa aurkeztu zen asteazkenean Jalgi Kafe-Antzokian. Euskaldun berriak euren mintzapraktikan laguntzeko prest dauden bidelagunak behar dira ikasturte berrirako. Herritarrak honetan parte hartzera deitu nahi izan zituzten. Guztira iaz 101 lagun izan ziren solaskide.

Boris Nogales udaleko euskara batzordeburuak, Tomas Arrizabalaga Ttakun elkarteko lehendakariak, Aitor Uriartek Ttakuneko kudeatzailea eta Junkal Perezek, solaskide programaren arduraduna Ttakunen, agerraldia egin zuten asteazkenean Jalgi Kafe Antzokian Solaskide-Mintzalagun programaren ikasturte berria aurkezteko.

Honen helburua euskaraz hitz egiteko ohitura duten herritarrak eta mintzapraktika egin nahi duten petsonak biltzea da, bai euskara maila hobetzeko, hizkuntza bera gehiagotan erabiltzako ohitura lantzeko edota euskaraz bizitzeko. Euskara esparru guztietan erabiltzeko pausoa ematen laguntzen du Solaskide programak.

Aurten Euskararen Maratoia tarteko apur bat atzeratu du elkarteak kanpaina hasiera “nahiz eta solaskide taldeak dagoeneko lanean diren” arduradunek azaldu moduan. Erronka herriko elkartearentzat euskaldun berriak euren mintzapraktikan lagunduko dituzten bidelagunak topatzea da.

Boris Nogales udaleko euskara batzordeburuak hartu zuen hitza lehenik. Honen esanetan 15 urte dira Ttakun elkartearekin eta herriko euskaltegiekin martxan jarri zela kanpaina hau euskaltegiko formakuntza osatzeko helburuarekin baina lortutakoa “askoz gehiago da, bidelariek harreman berriak sortzen dituzte, lagunak egiten dituzte eta esparru honetan euskaraz mintzatzen dira” eta udaletik prozesu honi garrantzia handia ematen zaio.

Gainera erakundeen arteko elkarlana baloratu zuen zinegotziak, “guztiek euskararen esparruan norabide berdinean arraun egitea garrantzitsua delako”.

101 erabiltzaile
Ttakuneko lehendakariak Tomas Arrizabalagak lehenik eskerrak eman nahi izan zizkien Solaskide guztiei, izan ere iaz erabiltzaileak 101 izan ziren, 33euskaldun zahar edo bidelagun eta 88 bidelariak edo euskaldun berriak. Dagoeneko 30 dira lanean jardun diren taldeak eta kopurua handitzea da elkartearen nahia.
Honekin batera elkarteak euskaldun zaharrak bilatzen dituela eman zuen aditzera “euskaldun berrien aldetik eskaera badago, honi erantzun ona emateko beharrezkoak ditugu bidelagunak, esperientzia polita da eta hemendik herritarrak parte hartzera animatu nahi nituzke”.

Talde desberdinak daude Junkal Perezek esan bezala, “taldeka edo bakarka aritzen dira euskaldun zahar eta berriak. Talde eragile bat ere badago afariak eta ekintza ezberdinak antolatzen dituena eta horretaz gain, ostegunetan talde librea deritzona elkartzen da. Azken honetan edonork har dezake parte”.

Federazioarekin
Lehenengo urtea da kanpaina Topagunea euskara elkarteen federazioaren baitan egiten duela Ttakun Kultur Elkarteak. Kanpainaren leloak dion moduan “ireki bihotza mintzalagunentzako, hori da behar duguna herrian talde gehiago osatzeko”.

Aurten herrian Euskararen Maratoia tarteko kanpaina hasiera atzeratu egin dela azaldu zuten, nahiz eta honen baitan aurkezpen bat ere egin zen solaskideekin egitasmoa ezagutzera emateko.
Uriartek azpimarratu nahi izan zuen solaskideen artean lagun harremanak sortzen direla gehienetan. Bestalde bidelari izandakoak bidelagun izateko gai dira prozesua amaitzean eta zenbaitetan ikastaroak ematen dituzte besteak beste. “Espazio erakargarri gehiago sortu nahi ditugu solaskideentzat, dantza eta antzerkiaz gain beste esparru batzuk landu”.

Solaskide izateko hori bai, euskaraz komunikatzeko maila minimo bat eskatzen da izan ere, hizkuntzaren ikaskuntzan laguntzeko ekintza osagarri bezala ulertzen da. Horregatik jotzen da euskaltegietara honen berri ematera Junkal Perezek azaldu moduan.

“Ikasleek mingaina askatzeko balio du baina baita esparru eta inguru euskaldun bat ere osatzeko” izan ere, askotan lagun, familia eta lan harremanak gazteleraz eratuta daude eta zaila egiten da hauek aldatzea. Hala ere, bidelarien gogoan datza harremanak euskaraz egitearena.

Esperientzia polita
Solaskideek ere eskerrak eman nahi izan zituzten eurek jasotako laguntzagatik Elena Aburuzak azaldu moduan.
Berak urtarrilean urte bete egingo du bidelari bezala eta denbora honetan euskaraz hitz egiteko esparru berriak eratu dituela azaldu nahi izan zuen.
Lagun batek animatu zuen bere euskara hobetzeko solaskide programan hastea eta “ez nuen uste urte betean halakorik lortuko nuenik, euskaraz hitz egiteko erraztasun gehiago daukat eta jende batekin nire egunerokoan euskaraz egiten dut dagoeneko, hobekuntza izugarria izan da niretzat”.
Esperientzia oso polita da berarentzat bizitzen ari dena eta herritarrak honetan parte hartzera animatu nahi izan ditu “ederki pasatzen dugu eta guztiz gomendagarria da euskaraz trebatu eta akatsak egitearen beldurra gainditzeko. Pausoa ematera animatuko nituzke”.