“Solaskide izatea oso esperientzia aberasgarria da bi aldeentzat”

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 9a

Hiru urte dira Gloria solaskide programan izena eman zuela. Bere bidelaguna hori baino gehiago da egun, laguna. Astean behin elkartzen hasi ziren baina ondoren, biek adosten dituzte egunak eta orduak. Esperientzia guztiz positiboa izan da Gloriarentzat eta egun bere lanean ere euskaraz mintzatzen da. Pauso handia izan da hau berarentzat, euskaltegian hasi zenean zail ikusten zuen urratsa.

Gloria Crespok ez zuen uste euskara bere eguneroko hizkuntza bihurtuko zenik. Euskaltegian zegoela izan zuen Solaskide programaren berri eta honek pausoa ematera animatu zuen.

Nola izan zen Solaskide programarekin lehen harremana?
Euskaltegian entzun nuen mintzapraktika egiteko talde batzuk zeudela herrian. Honen inguruan informazio gehiago eskatu nuen eta izena ematera animatu nintzen. Hasieratik nahiko argi ikusi nuen halako laguntza zela nik behar nuena. Dagoeneko hiru urte egin ditut bidelari bezala.

Aspaldi ari al zinen euskara ikasten?
Lana tarteko ez ditut urte asko eman euskaltegian. Osoak hiru ikasturte egin nituen eta hitz egitea zen falta zitzaidana. Nire helburua hasieratik euskaraz hitz egiten ikastea izan zen eta euskaltegian gramatika eta idazkuntza landu ostean, hori lortzeko zerbait gehiago falta zitzaidala ikusten nuen.

Nola izan zen hasiera Solaskide bezala?
Lehenengo Ttakuneko Solaskide programaren arduradunarekin izan nuen elkarrizketa bat. Berak nire maila neurtzeko izan zen eta horretaz gain nire lana eta zaletasunengatik galdetu zidan. Hauek ezagutzea garrantzitsua zela azaldu zidan izan ere, bidelagun egokia topatzea ia bikotea bilatzea bezala zen. Bion artean harremana ona izatea funtsezkoa zela aipatu zidan.
Egia esan oso lan ona egin zuen gurekin. Nire bidelaguna, euskaldun zaharrarekin, hasieratik primeran moldatu nintzen.

Arantza eta biok egun lagunak gara eta lagun bezala geratzen gara. Hasieran astean ordu bete geratzen ginen baina asteak aurrera joan ahala guk finkatzen genituen geratzeko egunak, ordu kopurua etab. Adibidez ikasturtea ekainean amaitzen da ofizialki baina gu uztailean eta abuztuan ere geratu izan gara.

Hiru urtetako prozesua nolakoa izan da?
Niretzako oso ona, primerakoa. Arantzarekin banaka egin dut prozesua baina antzerkian ere parte hartu dut. Orain ez naiz joaten denbora faltagatik baina oso esperientzia ona izan da euskaraz halako ekintza bat burutzeko gai izatea. Asko animatzen zaitu, ikasten ari zarenean, euskaraz ondo hitz egiten duzula entzutea. Nik badakit asko hobetu dudala baina oraindik akatsak egiten ditut. Nire bidelagunak akatsak euskaldun zaharrek ere egiten dituztela esaten dit eta animo horiek asko laguntzen dute.

Askotan hanka sartzeko beldurragatik ez duzu euskaraz hitz egiten eta konplexu hori gainetik kentzea da garrantzitsuena. Hori gaindituta, euskaraz bizitzeko gai zara.

Zailtasun asko izan al dituzu prozesuan?
Aipagarria da euskalkiena. Guk euskara batua hitz egiten dugu eta herri bakoitzak bere hizkera dauka. Hasieran ez ulertzeko beldurra daukazu eta oso deseroso sentitzen zara baina azkenean, hizkera mota hauek arrotzak gertatu arren, garrantzitsua da hauekin harremana izatea. Asko aberasten du gure hizkera.
Bestalde jende batekin harremana beti gazteleraz izan bada, hori aldatzea zaila egiten da. Baina gogoa jarrita aldatzea posible da.

Amorru handia ematen dit euskaldun zahar batekin euskaraz hitz egiten hasi eta zu zalantzan ikustean, gaztelerara jotzeko aukera ematen dizunean ”nahi baduzu esan gazteleraz” Ez! ez dut gaztelerara pasa nahi, niretzat zaila izan arren euskaraz nahi dut azaldu! eta batzuetan jende bati kostatzen zaio gure jarrera hau ulertzea.

Niretzat funtsezkoa da normalizazio prozesuan sortzen diren zailtasunak gainditzen jakitea, nahiz eta akatsak egin edo lotsa sentitu.

Zure eguneroko bizitzan euskara erabiltzen al duzu?
Esparru guztietan oraindik ez baina bai gehienetan. Orain gutxi hasi naiz ere nire lana euskaraz egiten, “posturologa” naiz eta duela gutxi arte lotsa bezala ematen zidan nire laneko azalpenak etab. euskaraz ematea ziurtasun faltagatik agian. Ikastaroak ematea ere suertatzen zait eta Leitzan egindako batean hasiera eman nion nire jarduna euskaraz egiteari. Uste baino hobeto moldatu nintzen eta oso pozik nago.
Gainontzean, familian eta lagun artean harremanak beti izan dira gazteleraz nahiz eta lagunen artean euskaldun zaharrak egon. Horiekin euskaraz hasten naiz baina beste batzuek ez dakitenez, azkenean gazteleraz hitz egiten bukatzen dugu. Hala ere, Solaskideri esker egindako lagunekin euskaraz hitz egiten dut eta udala zein bestelako erakundeetara jotzerakoan ere euskara da erabiltzen dudan lehen hizkuntza.
Ikastaro bat ere egiteko asmoarekin zabiltza...

Bai Junkali proposatu diot nire lanarekin lotuta “Gorputz jarreraren heziketa”posturen inguruko ikastarotxoa ematea eta data zehaztekotan gaude. Gogo handia daukat solaskideekin hau egiteko.

Solaskide izatera animatuko al zenituzke herritarrak?
Noski! esperientzia bikaina da, bi aldeentzat oso aberasgarria. Nire kasuan behintzat lagun on bat egin dut eta honi esker gai naiz euskaraz bizitzeko. Hau gabe oraindik ez nintzen ausartuko kalean euskaraz normaltasunez hitz egitea. Esperientzia probatu behar da.