Herriko Areto futbol txapelketako XXX. edizio gaur hasten da

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 9a

Urteroko hitzorduari huts egin gabe, gaur arratsaldean Ostadar SKT-k antolatzen duen areto-futboleko txapelketarai hasiera emango zaio. Aurten 14 talde izango dira buruz buru eta iazko irabazlea den Buenetxea tabernari txapelketako ikurrina kentzea izango dute helburu.

Kirol guneko areto-futboleko pistan herriko taldeen arteko partidak ikusi ahalko dira.
Ostadar SKT-k antolatzen duen Herriko areto-futbol txapelketa gaur hasiko da kirol guneko areto-futboleko pistan. Denboraldiko lehen partidan Indaux eta Balerdi izango dira aurrez aurre.
30. edizio honetan 14 talde lehiatuko dira eta Imanol Azkuek txapelketako ordezkariak azaldu digunez ez da talde berririk izango, nahiz eta batzuk izenez aldatu diren.
Honela Indaux, Balerdi Harategia,Txindoki, ISU Leihoak, El Punto taberna, Ana eta Soi ileapaindegia, Albañileria Vertical, Trumoi taberna, Izarra bitxitegia, Oria kristaldegia, Ilargi taberna, Buenetxea taberna, Urdaneta Hortz Klinika eta Izkiña taberna izango dira aurten txapelketan parte hartuko duten taldeak.
Hauen artean, noski, iazko garailea Buenetxea eta bigarren sailkatua Txindoki aurkitzen dira.

Lehenengo fasea

Txapelketako antolatzaileek azaldu digutenez, ohi bezala txapelketak bi zati izango ditu.
Batetik, lehenengo fasea izango da. Hau liga formatuan jokatuko da, hau da, guztiak guztien aurka eta talde kopurua dela eta, itzuli bakarrera izango da.
Partida guztiak Michelingo kirol gunean jokatuko dira ostirala arratsalde eta larunbata goizetan. Aste honetako partidak kirol agendan ikus daitezke.

Final handia

Lehen fase honetako zortzi lehenak play-offerako sailkatuko dira eta kanporaketa sistema erabiliz, maiatzean jokatuko den finalerako txartela bilatuko dute. Gainontzeko taldeek ligaxka jokatuko dute.
Txapelketako antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte partidak ikustera.