Batetik bestera dabil, Harkaitz Cano, toki batetik bestera, nobelatik ipuinera, irratitik komikira, elkarrizketatik hitzaldira, batetik bestera, nekatuta, baina gustura eta atsegina izan da ohi bezala gure galderei erantzuten. Aspaldi idatzi zuen "Twist" nobela, 2011ko azaroan argitaratu zen, baina azken asteotan presente dauka oraindik, “gaztelerara itzuli duelako orain Gerardo Markuletak eta bion artean errebisatzea eta berrirakurtzea tokatu zaigulako, batetik hori eta bestetik literatur txoko eta solasaldi dezentetik deitu didatenez, behin eta berriro nabil dantza beraren inguruan” kontatu digu Donostiatik Harkaitz Cano idazleak.
Nolakoa izan da "Twist" idatzi zenuenetik, sari hau jaso duzunera arteko ibilbidea? Nolako feed back-a izan duzu?
Nire aldetik gehiago ezin dut eskatu. Hasieratik sumatu dut jendearen aldetik beste batzuetan baino interes edo inplikazio handiago bat, esango nuke, 80. hamarkada oso presente daukan belaunaldien kasuan, jendeak beretik dezente jartzen du eta asko komentatzen du hamarkada horretako oroitzapenak bat datozen edo ez, edo zein neurritan. Alde horretatik asko eman didan liburua izan da.
Saritua izateak pozten al du idazlea?
Bai. Egia da sariak eta literatura bi gauza oso bereiziak direla eta elkartzen direnean kasualitate kontua izaten dela. Badago sariarekiko mesfidati sentitzen denik,
batzuetan baliteke saria bera libre idazteko traba bezala sentitzea inork. Javier Mariasek uko egin dio Espainiako sari nazionalari. Nire kasuan, nire bizimodua, askoz ere xumeagoa izanda, nik uste, saria gehiago dela askatasuna erosteko modu bat, kontrakoa, nik hurrengo urtean hilabete batzuetan nahi dudana idatzi ahal izango dut. Alderdi materiala ere ez da gutxietsi behar.
Gazteleraz noiz argitaratuko da?
Otsailean argitaratuko da, Seix Barral-ek aterako du.
Eta beste hizkuntzaren batera itzuliko al da?
Momentuz ez dago ezer konkreturik, orain irakurtzen ari dira hainbat lekutan, gazteleraz eduki arte zaila izaten da hori. Normalean kanpoko argitaletxeek ez daukate euskarazko irakurlerik. Zubi hizkuntza nahi izaten dute eta gure kasuan gaztelera izaten da. Gure artean bada eztabaida ingelesak izan beharko ote lukeen edo ez. Momentuz gaztelera da.
Urteko euskal nobela onena izendatu dute "Twist", zuri gustatu al zaizu aurten irakurri duzun beste nobelaren bat?
Joxean Agirreren "Zwei Frauen" adibidez asko gustatu zitzaidan eta gehiago ere bai. Azken finean, subjektibitate handiko erabakiak izaten dira. Eta komeni da hori gogoratzea saria ematen dizutenean eta ematen ez dizutenean ere bai. Bietan.
2005ean "Belarraren Ahoa" saritu zuten, oso ezberdinak izanda ere errealitate eta fikzioaren arteko mugan ondo moldatzen zarela dirudi, orduan ere pertsonaia errealak nahasten ziren fikzioan... Zerbait esateko honi buruz, edo saritu dituzten bi nobela hauetaz?
Lotura hori ez nuen inoiz egin, baina egia da. Hura askoz ere fantasiosoagoa zen, fantasiatik gehiago eta irrealitate maila handiagoa zeukan fabula bat. Kasu honetan, errealitatea azpimarratzeko erabiltzen da fikzioa. Fikzioa izan daiteke ihesbide bat, baina baita errealitateari, zati errealari, indarra emateko edo azpimarratzeko modu bat eta kasu honetan hori da erabiltzen den estrategia.
Durangoko Azokarako ezer berririk ez daukazu, ez al da arraroa?
Ez da lehenengo aldia, izan dira ezer eraman ez dudan urteak. Egia da, helduentzat liburu bat ez bazen haurrentzako bat egiten nuela, edo komiki bat... Aurten EDO argitaletxe berriarekin badaukat hitzalditxo bat argitaratzeko aukera, baina seguraski hurrengo urtean aterako da.
Txaloari buruzko hitzalditxo bat eman nuen Gasteizen duela bi urte edo gehiago, Artium-en, txaloaren ekintza, txalotua izatea, lausenguak jasotzea, laudorioekin ere hil zaitzaketela eta abarri buruzko hitzaldia eta hortik tiraka formatu txikiko liburuxka bat aterako du EDO argitaletxeak. Baina fetxa zehatzik ez du, hurrengo urtean seguraski.
Bestela zertan zabiltza?
Ziklo hau ixteko bide horretan. Nobela labur bat erdi idatzia daukat. "Twist"-ekiko oso diferentea, fartsa bat izango da, disparate umoretsua izan nahiko luke, gezurti baten istorioa da, gezurti damutzaile konpultsibo bat, gezurrak kontatu, damutu eta gero bere gezur txikiak egi bihurtzen dituena damuaren ondorioz, hori da ideia.
Zinetik oso hurbil zabiltza beti...
Aspaldi honetan ez. Komikian jarraitzen dut. Album bat bukatuta daukagu, Iñaki Holgadorekin Sabiroin argitaratu zen “Zebra efektua”. Hau ere 2013an aterako da seguraski. Eta beste bat egiten ere bagabiltza, baina zinean momentu honetan, ez, egia da, proiektu asko erdi bidean gelditu direla eta momentu honetan bide hori baztertuago daukat. Egindako proposamen asko ez dira atera eta horrelako “impasse” batean gaude.
