Etxe kaleratzei aurre egin

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 9a

Etxe kaleratzeak guztion ahotan daude. Komunikabideak, sare sozialak... eta hauen aurka lanean ari da Kaleratzeak STOP! Plataforma. Atzo gure herrian izan ziren kaleratzeen prozesua eta plataformaren lana azaltzeko. Honetaz gain, kaleratzeen aurkako sinadurak ere bildu zituzten.

Herritar ugari bildu zen Iker Apelaniz eta Rosa Garciaren azalpenak entzutera.
Iker Apilanez eta Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak STOP! Plataformako kideek hitzaldia eskaini zuten ostegunean Manuel Lekuona kultur-etxean.
Herritar ugari bildu zen hitzaldi aretoan plataforma honek egiten duen lanari buruz jakin eta etxe kaleratzeak nola ekidin jakiteko.

Egunero hiru kaleratze

Apilanez eta Garciak egungo egoera azaldu zuten. HAiek eskainitako datuen arabera, 2012 urteko lehenengo seihilabetean, EAEn 2.661 kaleratze izan dira eta Gipuzkoan 515.
Gipuzkoako taldeak urte betean 60 kaleratze landu dituela jakitera eman zuten. Baina hau kopuru txikia dela azpimarratu zuten, “egunero hiru etxe kaleratze baitaude gure lurraldean”.
Krisi egoera dela eta, epe luzeko langabe gehiago dagoela azaldu zuten eta hauek etxe edo lokalen maileguak ordaintzeko arazoak dituztela azaldu zuten. Eta nahiz eta bankuak etxea saldu, oraindik zorra dagoela azpimarratu zuten.
Gainera, arazoa ez da haiena bakarrik. Abal-emailea badago, horrek ere jarritako bermea galdu dezake. Beraz, Estatu osoan 350.000 familia kale gorrian geratzeko arriskua dutela aipatu zuten.

Prozesua nola gelditu

Honela, maileguen nondik norakoak eta kaleratze prozesuaren pausoak, ordainketaren atzerapena, epaiketa, enkantea, salmenta etab. azaldu zituzten.
Gauzak honela, hiru hilabeteko atzerapena izatean bankuek prozedura judiziala hasten dutela aipatu zuten.
Eta momentu horretan Kaleratzea STOP! plataformarekin harremanetan jarri behar dela azpimarratu zuten. Honela taldean lanean hasi eta prozedura gelditu ahal dela azaldu zuten. “Abokatua eta prokuradorea izan ezean, ez dago zer eginik.”
Baina nola lortu dezakete hori, dirurik ez badute. Horretarako elkarteak dohaineko justizia deritzon zerbitzua eskaintzen du.
Beraz, egoera larrian dauden herritarrek haiekin harremanetan jartzeko stopdesahucios@plazan.net helbidera edo 669 428 598 zenbakira dei dezakete.

Sinadura bilketa
Kaleratzeen legearen aurkako sinadurak biltzen egon ziren arratsaldean.

Era berean, plataformak sinadurak bildu zituen arratsalde osoan, kaleratzeak ahal bideratzen dituzten 1909ko mailegu legea eta Epaiketa zibilen legea kentzeko.
Izan ere, Rosa Garciak gogoratu zuenez, lege zaharkituak dira eta ez datoz bat Europa Batasuneko legeekin, “Europako Batasuneko Justiziako abokatu nagusiak legala ez dela adierazi du,” jakin arazi zuen.