Onartu dira 2013rako udal tasak

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 9a

Udal gobernuak proposatutako igoera onartu da PSE-EEren abstentzioa eta PP-ren kontrako bozekin. Azken bi alderdiek egindako emendakinek ez dute babesik lortu eta udal gobernuaren proposamenak egin du aurrera. Honen arabera udal zerbitzuak datorren urtean KPI aren eta BEZaren araberako igoera pairatuko dute.

Ez ohiko udalbatzarra izan da gaur goizean. Bertan bi izan dira eztabaidarako gaiak, herriko taxien 2013rako tasak onartzea eta 2013rako ordenantza fiskalak aldatzeko espedientea onesteko proposamena.

Lehenak aho batez onartu dira eta KPI 1,9% eta BEZaren %2ko igoera izango dute herriko taxien 1 eta 2 tarifek. Iaz 5 tarifa deritzona jarri nahi izan zen martxan baina ez zen indarrean sartu hortaz, aurten ere taxiek soilik bi tarifa ezberdin izango dituzte. Lehena astean zehar 7:00tatik 22:00tara aplikatu beharrekoa eta bigarrena, 22:00tatik 7:00tara aplikatuko dena igandeak barne hartzen dituelarik.

Ordenantza Fiskalak
Guztira 19 emendakin edo zuzenketa eztabaidatu dira ordenantza fiskalak adosteko garaian. Udal gobernuak egindako azken proposamenari PP eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako emendakinak izan dira eztabaidatutakoak. Guztiak atzera bota dira udal gobernua osatzen duten alderdien babes faltagatik.

Asko izan dira udal tasei dagokionez aurkeztutako zuzenketak. Udal gobernuak 2013rako udal tasetan igoera minimo bat proposatu duela azaldu nahi izan du Estitxu Alkortak ogasun batzordeburuak. Bere hitzetan "igoera KPIaren eta BEZari dagokiona izango da soilik eta hau horrela egin da ulertzen dugulako herritarren egoera ekonomikoa zaila izan daitekeela une honetan".

Hala ere, "udalak datorren urtean egin behar dituen inbertsioen azterketa sakona egin du eta kopuruak ondo neurtu dira, tasa hauen bitartez udalak biltzen duen dirua nahikoa izan dadin zerbitzuen kosteak ordaindu eta beharrezkoak diren inbertsio batzuk egiteko".

PP igoeraren aurka
PPko zinegotziak igoera hau aurpegiratu dio udal gobernuari "nire proposamena udal tasa guztiak, Gasteizen udalak egin bezala, izoztea, aurtengoak mantentzea izan da eta ez dakit zein helbururekin igoera beharrezkoa dela defendatzen duzue". Lasarte-Oriako familia askoren egoera ekonomiko zaila kontutan hartu behar zutela esan die.

Pablo Barrio alkateak bere aldetik erantzun nahi izan dio Vanessa Velezi eta bere alderdiak Madrilen burutzen ari den politikaren ondorio dela igoera azaldu dio "batez ere BEZari dagokiona".

Horrela PSE-EEren abstentzioa eta PPren kontrako bozekin aurrera atera dira udal gobernuaren 2013rako ordenantza fiskalak.

Azaldu duten moduan, hainbat zerbitzuetako tasak merketu dira adibidez kultur etxeko gelak alokatzekoa, herriko elkarteek hauen erabilera handiagoa egiteko hartutako neurria izan da hau.