Omenaldi xumea biktimei

Txintxarri Aldizkaria 2012ko aza. 10a, 18:16
Azaroaren 10a Memoriaren Eguna izan da Euskal Herri osoan. Lasarte-Orian ere gogoan izan dituzte terrorismoaren biktimak, eta eguerdian omenaldi apala egin nahi izan diete PSE-EE, EAJ, PP eta LOHP alderdietako udal zinegotziek hainbat herritarrekin batera. Bilduk ez du ekintzan parte-hartu.
Biktimak omentzeko ekitaldia egin zuten Udaletxean larunbata eguerdian.
Lehenik, Jesus Zaballosek (PSE-EE) gaztelaniaz eta ondoren Estitxu Alkortak (EAJ) euskaraz, 2010ean udalbatzak onartutako mozioaren irakurketa egin zuten pleno-aretoan.
Aipatutako agirian jasota dago memoria biktimen “funtsezko eskubidea” dela eta era berean, oroipen hori ezinbesteko tresna dela “terrorismoaren deslegitimizazio etiko, sozial eta politikoa” gauzatzeko.

Bestalde, mozioan honako puntu hau ere jaso zuten bi aldeetako biktimak aipatuz: ”Terrorismoak eragindako biktima guztiak gogora ekarri nahi ditugu, salbuespenik gabe. Bai ETAk eragindakoak baita beste talde terrorista batzuk eragindako biktimak”.
Azkenik, data hau gertatu dena “gogoratu” eta berriz ere “inolaz” gertatu behar ez dena zer den gogorarazteko eguntzat har dadila eskatu zuten.

Bilduk, bere aldetik adierazpen baten bidez jakinarazi du indarkeria guztien biktimak “modu berean” eta “inolako mailakaketarik gabe” tratatuak izan behar dutela eta Memoriaren Egunak “ETAren bortizkeriaren biktimak soilik” hartzen dituela kontutan “terrorismoaren biktima guztiak” oroitzen dituela dioen arren.

Lore eskaintza biktimei
Behin agiria irakurri ostean, zinegotzi zein herritarrak udaletxeko arkupeetara jaitsi eta biktimen omenez lore sorta bat utzi zuten oroipenaren ikur diren plaka eta betiloredunaren oinetan.
Emozio handiko momentuak bizi izan ziren udaletxe aurrean Vélez (PP) eta Prietok (LOHP) lore-sorta jartzean.

Elkarretaratze isila
Amaitzeko, 15 minutuko kontzentrazio isila egin zuten arkupeetan. Errespetu osoz egin zuten isilaldia 50 bat herritarrek zinegotziekin batera plaka eta betiloredunaren aurrean. Aurpegi ezagunen bat edo beste ere ikusi ahal izan zen herrian, Ramon Gómez Ugalde donostiako PPko bozeramalearena kasu.