Su txikian eta Kultur Kale Zikloa

jon-altuna-egitegi 2012ko aza. 11a, 10:42
Orto Rock musika festibala, Oskar Benas bakarlariaren kontzertua eta Euskal Herriko gatazka politikoaren gaia jorratzen duen ”Su txikian” antzerkia izan zituen Lasarte-Oriak asteburuko kultura-menuan. Aukeran izan zituzten musika goxoa, rock doinu gogorrak edota DJen erritmo biziak. Gainera, zeresan handia emango duen “Su txikian” antzerkiak hausnarketarako bidea ireki zion bati baino gehiagori.
Oskar Benas bakarlari iruindarrak kontzertu goxoa eskaini zuen ostiral iluntzean Orbela loradendan. Artista denda barnean kokatu eta ikusleak erakusleihoaren beste aldean jarrita, bertatik pasatzen zen jendearen arreta piztu zuen. Publikoak gustura entzun zituen Muguruza Kontrabandan eta Maika Makovskin aritua izan den musikariaren doinuak.
Bestalde, Kultur Kale zikloaren barnean hau ere, Orto Rock festibala izan zen larunbatean Siglo XX tabernan. Bertan herriko Keep Diggin, Sony Crocket, Human Disaster eta zarautzetik etorritako Pinotxet aritu ziren Orto Brothers DJ-ekin batera arratsaldea eta gaua eta girotzen.

Su txikian, hausnarketako
Euskal Herriak azken hamarkada honetan bizi izan dituen jira-bira politikoak eta elkarrizketa ezberdinen inguruan diharduen “Su txikian” antzerkia ikusteko aukera izan zen Manuel Lekuonan.
Txillarre baserrian izandako elkarrizketa sekretuetatik hasita, Aieteko konferentziara iritsi bitartean izandako atxiloketak, atentatuak, lider politikoak, ETAko buruzagiak, elkarrizketen adostasun eta desadostasunak taularatu zituzten “Glu glu” produkzioen eskutik.
Jendearen erantzuna ona izan zen, eta 140 bat lagun bildu ziren antzerkia ikustera.
Galder Perez zuzendariak antzerkia osatzeko oinarritzat honako liburu hauek hartu ditu: Imanol Murua Uria kazetariaren “Loiolako hegiak”, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen inguruan diharduen “El tiempo de las luces” eta Jesus Egiguren PSE-ko politikariaren hitzekin osatutako “ETA. Las claves de la paz”.