Sona handia du Behobia-Donostia lasterketak Gipuzkoa osoan, eta Lasarte-Oria ez da salbuespena. Guztira 196 korrikalari ausartek osatu zituzten Behobia eta Donostia lotzen dituen asfaltozko 20 kilometroak.
Ez zuten eguraldi samurra eduki, haizea hotza eta euria izan baitzituzten bidelagun. Halere, korrikalariei galdetuta, gogorrena, “atera aurreko itxaronaldia” izan zela diote denek. Izan ere, gehienek goizean goiz hartzen dute trena Behobiara joateko, eta kasu batzuetan ia ordubete eta erdi itxaron behar izaten dute iristen direnetik lanean hasten direnera arte.
David Martin harrigarri
Txapela kentzeko moduko lasterketa egin zuen herriko korrikalari finak. 25.000 lagun atera ziren Behobiatik, eta Martinek 7. postuan zeharkatu zuen helmuga marra, Jaume Leiva kataluniarrarengandik bi minutu eta hogeita bost segundora.
Haren atzetik, Raul Gomez (1:08:32), Raul Tejado (1:10:05), Jose Luis Delgado (1:10:39), Antonio Mazo (1:13:01) eta Ismael Hernandezek (1:14:19) lortu zuten ordu eta hamabost minutuko langa konplikatua jaistea.
Inoizko lasterketa onena
Egin zuen esfortzua eta pairatutako sufrimenduaren lekuko, aurpegiera benetan makurrarekin zeharkatu zuen helmuga marra, lasterketa gogoangarria egin ostean.
Inoiz egin duen postu onena izan ez bada ere, 2007an seigarren sailkatu baitzen, sekula egin duen denborarik onenarekin osatu ditu Behobia eta Donostia arteko 20 kilometroak, duela bost urteko marka minutu eta 19 segundutan birrinduta.
Urtez urteko bilakaera honako hau izan du: 2006an zortzigarren (1:05:36), 2007an seigarren (1:04:36), 2008an zazpigarren (1:05:38), 2010ean zazpigarren (1:05:26), 2011n hamalaugarren (1:06:31) eta aurten zazpigarren (1:03:55). Duela bi aste Lasarte-Oria Bai! krosa irabazi ostean, sasoi betean aurkitzen da korrikalari saiatua.
12 emakume lasterketan
Emakumeen artean ere, geroz eta indar handiagoa hartzen ari da “running”-a. Guztira herriko hamabi neska animatu ziren 20 kilometroko lasterketa gogorrean parte-hartzera. Guztietan lehena, Yoana Gonzalez izan zen 1:33:59ko denbora polita eginez.
Junior mutilak bikain
Junior mailan herriko bi lasterkari soilik atera baziren ere, biek lehen hamabost postuetan sartzea lortu zuten.
Bosgarren Mikel Martinez (1:20:43) izan zen eta hamabosgarren berriz, Alex Altuna (1:24:46).